Urteak egin behar dira atzera domekan Mondrak eta Aretxabaletak jokatuko duten moduko derbi bat azkenekoz noiz jokatu zuten ikusteko. Alegia, ez da final bat, baina oso partidu erakargarria da, sailkapenean laugarren eta bosgarren postuan dauden bi talde izango dira-eta aurrez aurre. Gainera, bi talde horiek dabiltza, nahiz eta horretarako Elgoibarrek kale egin behar duen, play-off-erako eskubidea ematen duten postuengatik amesten. Normalean, Mondrak zapatuetan jokatzen du etxean, baina partidua domekan izango da (16:30, Mojategi). Eta aurreikustekoa da bi taldeek zaleen babesa izango dutela harmailetan.
Egun eta ordu berean jokatuko du Aloña Mendik sailkapenean ondoan duen Urolaren kontra (16:30, Azkoagain), eta Bergarak Zarautzen izango du hitzordua zapatuan (16:30). Emakumezkoetan, Leintz Arizmendik Mojategin jokatuko du gaur, egubakoitza, Zumaiakoren kontra (20:30), eta Bergarako neskek ere gaur jokatuko dute, 19:45ean, Eibarren.