Aberri Egunean Iruñera, Bilbora eta Azkainera joateko deia

Uxue Igarza Loiola 2022ko api. 15a, 09:34

EAJ alderdiak Gernikan egindako aurkezpenean adierazi du Bilbon egingo duela ekitaldia apirilaren 17an. EH Bilduk, berriz, Iruñean egingo ditu mobilizazioa eta ekitaldia. Bestetik, EH Bai koalizioak Azkainen egingo du manifestazioa, 12:00etan.

Apirilaren 17an, ekitaldiak antolatu dituzte Euskal Herriko bi hiriburutan –Iruñean eta Bilbon– EH Bilduk eta EAJk.

EH Bilduk jakinarazi du Iruñeko Aberri Eguneko ekitaldi nagusia manifestazioa izango dela. Golem zinemetatik abiatuko da, eguerdiko 12:00etan, eta Sarasate pasealekuan egingo den ekitaldi politikoarekin amaituko da. "Manifestazioaz eta ekitaldi politikoaz gain, hainbat ekitaldi kultural eta ludiko izango dira egunean zehar adin guztietako jendearentzat", gehitu du alderdiak.

Eusko Alderdi Jeltzaleak, berriz, Bilboko Plaza Barriko ekitaldi politikoan jarri du indarra: 11:30ean hasiko da, eta hizlari izango ditu Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBren presidentea. "Pandemiaren eraginez ezarri behar izan zen itxialdiagatik 2020ko jaia bertan behera utzi ondoren, eta 2021eko jaia formatu murriztuan egin behar izan ondoren, igandekoa izango da EAJ-PNVrentzat alderdikide eta alderdizaleekin berriro elkartzeko Aberri Eguna", adierazi du EAJk.

Bestetik, aurreratu bezala. EH Bai koalizioak Azkainen egingo du manifestazioa, 12:00etan.

Egunean helaraziko dituzten mezuak

EAJk "euskal eredua" aldarrikatuko du: "Bidegurutze historiko batean aurkitu garen bakoitzean herri honetako emakumeei eta gizonei etorkizunari heltzeko gaitasuna eta irmotasuna eman dieten baloreak aldarrikatu nahi ditugu (...) Erantzukizun sozialak gidatu du eta gidatzen jarraitu behar du herri honen geroa; hori dugu itsasargi".

EH Bilduk, aldiz, Euskal Herriak "bizirik dirauela" erakutsi nahi du Iruñean, eta "bakea, demokrazia eta burujabetza" eskatuko ditu: "Pandemian zehar eguneroko arazoak kudeatzeko burujabetzarik eza agerian utzi ondoren, bakean eta demokrazian sakontzea inoiz baino ezinbestekoagoa da, egungo gerra egoeraren eta autoritarismoaren mundu mailako gorakadaren aurrean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak