Taberna eta jatetxeek iturriko ura debalde eskaini beharko dute, legez

Xabier Urtzelai 2022ko api. 12a, 18:25

Ostalariek iturriko ura eskaini beharko dute bezeroak hala eskatuz gero.

Erabilera bakarreko plastikoa gutxiago erabiltzeko helburuarekin Hego Euskal Herriko taberna eta jatetxeak aurrerantzean legez egongo dira derrigortuta iturriko ura eskaintzera.  

Joan den zapatuan Espainiako Gobernuak abian jarri zuen Ekonomia Zirkularrerako Estrategia eta Hondakinen Legearen baitan, aurrerantzean, Hego Euskal Herriko taberna eta jatetxeek ura debalde eskaini beharko dute. Erabilera bakarreko plastikoak gutxiago erabiltzea da helburuetako bat, eta bestea, dendetan pisura erostea sustatzea. Hala, batetik, ostalariek beti eskaini beharko diete bezeroei iturriko uda dohainik edateko aukera. Eta bestetik, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, 400 metro koadro baino gehiago dituzten elikagai dendek euren azaleraren %20 gutxienez eskaini beharko diete plastikoetan bildu gabeko produktuei. 

Baina, legea hori baino zabalagoa da. Urtarrilaren 1ean ezarriko dituzte ekonomia zirkularra sustatzeko bi zerga: erabilera bakarreko plastikoen ekoizpenari jarriko diotena —kilogramoko 0,45 euro ordaindu beharko dute ekoizleek—, eta zabortegietan zaborra botatzeari ezarriko diotena. Eta bestalde, amiantoa erretiratzeko neurriak ere jaso ditu onartu berri duten legeak. 2023ko apirilaren 10a baino lehen, udalek errolda bat egin beharko dute amiantoa duten eraikinekin. Ondoren, hura kentzeko egutegi bat osatuko beharko dute. Eta, beranduenez 2028an kenduta egon beharko du amianto horrek eraikin guztietatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak