Txirrindularitza zaleen begirada guztiak Arrateko Santutegian ziren zapatuan, Herbeheretako Amstel Gold Race lasterketan domekan. Baina eliteko kiroletik harago, bailarako kirolari gazteak ere aritu dira asteburuan pedalei eragiten. Errepidean batzuk, mendian besteak.
Gerturatzen
Amateur mailako Balentziaga Memorialean urrun gelditu dira debagoiendarrak lehen postuetatik; ez, ordea, Elgoibarren –gazte maila–, Leonen –gazte maila– eta Altsasun –kadete maila–.
Aimar Madina Ulma taldeko txirrindularia izan zen eskuak altxatzetik hurbilen gelditu zena. Bigarren izan zen oñatiarra, bien arteko esprintean Ronan Auge frantziarra azkarragoa izan ostean. Azken ahaleginean galdu zuten podiumerako aukera Bolintxo-Lana taldeko Itxaso Plaza arrasatearrak eta Beñar Iñarra aramaioarrak ere. Leonen izan zen gazte mailako lasterketan laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen lehenak; Altsasuko kadeteen lasterketan, aldiz, hamaseigarren helmugaratu zen bigarrena.
Bi kide podiumean
Dorletako Ama Txirrindulari Eskolako gazteentzako ere asteburu oparoa izan da. Zapatuan Oiartzunen jokatutako infantil mailako Gipuzkoako Eskolarteko BTT txapelketan Manex Larrañagak hirugarren postua eskuratu zuen. Katixa Navarro, aldiz, podiumeko bigarren koskara igo zen alebin mailako proban; kategoria honetan, baina, ez zegoen probintziako txapela jokoan.