Aloña Mendik 3-0 irabazi dio liderrari

Josu Bilbao Atxutegi 2022ko api. 10a, 18:36

Aloña Mendi-Touring.

Azkoagainen hiru gol eskuratuta, garaipen ikusgarria lortu du Oñatiko taldeak Errenteriako Touring taldearen aurka, mailako liderraren kontra. Bailarako beste hiru taldeek, berdinketak erdietsi dituzte.

Joseba Larreak, lehenengo zatian, eta Jon Etxeberria eta Ander Irizarrek bigarrenean lortutako golei esker, 3-0 nagusitu da Aloña Mendi sailkapeneko liderrari, Errenteriako Touring taldeari.

Partidako lehen minutuetan Aloñakoak nagusi izan dira zelaian, eta 1. minutuan bertan Ander Bikuñak aukera garbia izan du lehen gola lortzeko. Bere erremateak zutoina “miazkatu” du. Hasierako lehen minutu horien ostean, jokoan orekatu da, eta zelai erdiko jokoa nagusitu da. Hala ere, partidako 23. minutuan Joseba Larreak baloia zutoinera bidali du, eta aldaratzea errenteriako jokalari batek baloia bere atean sartu du. Gol horren ostean Touring taldekoak nagusitu dira zelaian, eta berdinketa lortzeko aukera garbiak izan badituzte ere, ez dute gol hori lortu Danel atezaina bikain aritu delako.

Bigarren zatia Touring taldekoen nagusitasunarekin hasi da, baina ez dute aukera garbirik sortu Danelen atearen aurrean. Bigarren zatiko ordu laurdena bete denean, Aloñakoen kontraeraso batean, Ibai Morenok baloia langara bidali du. Aldaratzea Jon Etxeberriak buruz langara bota du berriro, eta baloiak Touring taldeko atzelari batengan jo du eta atera sartu da. Bigarren gol horren ostean, oreretarrek presionatzen jarraitu dute, baina ez dute asmatu Aloñakoek atearen aurrean. Partida amaitzear zegoela, beste jokaldi nahasi batean, Ander Irizarrek lasaitasunaren gola lortu du. Merezitako garaipena Aloñakoek liderraren aurka lortu dutena, eta 3 puntu garrantzitsu sailkapenean aurrerapausoa emateko aukera ematen dutenak.

UDAk aurpegia eman du

Aretxabaletako taldeak puntu garrantzitsua eskuratu du etxetik kanpora Eibarren –sailkapeneko hirugarren doaz armaginak– aurka. 1-1ekoa izan da azken emaitza, eta puntu horri esker, UDAk sendo jarraitzen du Ohorezko Erregional Mailako bosgarren tokian, Mondraren berdinduta.

Mondrak berdinketa

Arrasateko taldeak 0-0 berdindu zuen Mojategin Urola Kirol Elkartearen aurka. Zuri-moreek hirugarren postura gerturatzeko aukera ederra ihes egiten utzi zuten zapatuan puntu bakarra lortuta, eta Ohorezko Erregional Mailako laugarren jarraitzen dute.

Bergarak puntu bakarra

Sailkapeneko azkenekoaren aurka 2-2 berdindu zuten mahoneroek etxetik kanpora. Andoainen Euskalduna taldea gainditzeko gai ez da Bergara, eta debagoiendarrek sailkapeneko 7. postuan jarraitzen dute, Zarautzekin berdinduta.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak