Errenterian jasotako kolpetik lehenbailehen errekuperatu nahi dute Mondrako ordezkariek. Touring 3-0 nagusitu zen, baina liderra ez zen markagailuak erakusten duen bezain erraz gailendu, arrasatearrek ere pare bat gol aukera oso garbi izan zituzten eta. 26. minutuan etorri zen Errenteriakoen lehenengo kolpea –ordura arte parean egon ziren indarrak–, Iribarrenek egin zuen gola, gol olinpikoa, kornerretik. Baina bigarren zatira arte itxaron behar izan zuten zaleek Errenteriakoen beste bi golak ikusteko.
Hala, bigarren postura gerturatzeko borrokan atzerapausoa izan zen arrasatearrendako, baina, hain justu, Elgoibarrek ere galdu egin zuen asteburuan. Horrenbestez, helburua zaila bada ere –sei puntuko aldea dago bi taldeen artean–, ez Mondrak eta ezta Aretxabaletak ez dute azkenera arte amore emateko asmorik. Hala, arrasatearrek Urolaren kontra jokatuko dute bihar, zapatua, 16:30ean.
Aretxabaletak, berriz, irabazi egin zuen joan den asteburuan, eta garaipen horrekin arrasatearrak harrapatu dituzte sailkapenean. Laugarren eta bosgarren daude biak orain, puntu kopuru (49) berberarrarekin. Hala, bistan dago Mondrak eta Aretxabaletak maiatzaren 1ean jokatuko duten derbiak saltsa ederra izango duela. Oraingo asteburuan, baina, Calzonen mutilek ez dute nolanahiko kontrarioa izango, hirugarren dagoen Eibarren zelaian jokatuko dute-eta (Domeka, 15:30).
Aloña Mendik liderraren bisita izango du
Talde oñatiarrak (31) etxean jokatuko du domekan (16:30), eta Touring indartsua hartuko dute txantxikuarrek. Errenteriakoek talde oso indartsua dute, baina Zarautzek duela hamabost egun erakutsi zuen ez direla garaiezinak (2-1). Bergarak (43) ere etxetik kanpora jokatuko du asteburuan. Mahoneroek ere ahalik eta goren amaitu nahi dute denboraldia, eta Mondra eta UDA ez dituzte horren urrun, alegia, 6 puntura daude. Hala, Debagoieneko ligako talde onena izateak ez du garaikurrik, baina ez da sari makala. Hala, azken postuan dagoen Euskaldunaren zelaitik derrigor ekarri behar dituzte puntuak (zapatua, 15:30).