MUko mutilek Zilarrezko LEB Mailara igotzeko fasea jokatu nahi dute aurten ere. Baina, horretarako, iazkoa baino bide luzeagoa dute aurretik; izan ere, iaz arrasatearrak zuzenean sailkatu ziren fase horretarako –ligako txapeldun izan zirelako–, baina aurten, Santurtzik beteko du postu hori. Hala, berriro ere fasean egoteko, moreek lauko final bat jokatu beharko dute aurretik, eta lauko final horretarako AA eta AB multzoetako bigarren eta hirugarren onenak sailkatuko dira. Bada, bigarren eta hirugarren postuak erabakitzeko ligari geratzen zaizkion azken bi jardunaldiek ezin entretenigarriagoak izan behar dute, lau talde dabiltzala-eta postu horiengatik borrokan: MU, Baskonia, Cantbasket eta Getxo.
MUren esku dago dena
Lau talde horiek ez daude egoera berean. MU da garaipen kopuru gehien duena, baina egia da bi jardunaldi hauetan kontrario zuzenak diren Cantbasket eta Baskonia izango dituela aurrean. Hori horrela, Baskoniaren kontrako ligako azken norgehiagoka –Iturripen– infartuzkoa izan ez dadin, MUkoek hobe dute asteburuan Cantbasket mendean hartu. Hori eginda, matematikoki lauko finalerako sailkatuko lirateke, Cantbasket jokoz kanpo geratuko litzateke-eta –zapatua, 19:00, Santander–.
Asteburu borobila aurrekoa
Asteburu borobila izan zen aurrekoa MUrendako. Etxekoek Iturripen ondo irabazi zioten Solaresi (104-77). Eta gainera, sailkapeneko kontrario zuzenek hanka sartu zuten, eta zelan, gainera. Baskoniak 77-75 galdu zuen Santanderko Beceoren kontra. Eta Valle de Eguesek Cantbasketi 82-76 irabazi zion. Emaitza ederrak Arrasatekoen intereserako.