Itzuliko laugarren etapa Zamudioko parkean hasiko dute, gaur, arratsaldeko lehen orduan (13:24), eta helmuga Mallabian izango da –San Pedro ermitan– 17:30ak aldera. Txirrindulariek tartean 163 kilometrotako etapa gorabeheratsua izango dute, eta 143. kilometro inguruan Elorriotik Elgetarako bidea hartuko dute. Aurreikuspenen arabera lasterketa 17:00ak aldera pasako da Elgetatik, eta Karabietatik Eibarrera jaitsiko dira gero.
Bihar, zapatua, izango da etapa erabakigarria. Ziklistek etapa gogorra izango dute aurretik, ez distantziari dagokionez, baina bai mendate kopuruarengatik –zazpi mendate igoko dituzte guztira–. Aste osoan pilatutako nekea erabakigarria izan daiteke Arrateko azken igoeran, eta ikusteko dago sailkapenean ezusteak egon daitezkeen ala ez. Hala, Eibarren hasiko dute etapa hori, eta Arraten amaitu. Eta, tartean ziklistek Elkorrieta, Endoia, Azurki, Gorla, Krabelin, Urkaregi, eta Arrateko gainak gainditu beharko dituzte. Bada, ziklistak 15:50 inguruan pasako dira Gorlako gainetik –Elosutik igoko dute– eta Bergarara jaitsita, Soraluzerako bidea hartuko dute.
Eragina izango du Bergarako zirkulazioan
Itzuliak eragin zuzena izango du zapatu arratsaldean Bergarako herri barruko zirkulazioan. Txirrindulariak 16:00 bueltan pasatuko dira Bergaratik: Gorlatik jaitsita, Bideberri, Fraiskozuri, Herrilagunak eta Matxiategi kaleak zeharkatuko ditu probak, eta Arraten amaituko dute etapa hori. Hala, tarte horretan kale horiek itxita egongo dira.