Bi urteko hutsunearen ondoren maiatzaren 28an motor hotsa bueltatu behar zen Gorlako paella ezagunetara. Baina, Gorlaracing taldeko lagunek erabaki zaila hartu dute: "Ibilbidearen egoera tamalgarria da, zulo asko daude, eta gero eta okerrago dago zorua. Parte-hartzaileen eta ikusleen segurtasuna bermatu asmoz hartu dugu erabaki zail hau. Bergarako Udalarekin elkarlanean ari gara egoera honi irtenbide bat emateko, baina oraingoz luze doa gaia. Aurrerantzean izango duzue gure berri", adierazi dute prentsa ohar bidez.
Sei lasterketa Euskadiko Txapelketan
Bailarako mendiko igoera historikoena antolatzeke geratuko da aurten, eta Euskadiko mendiko txapelketa sei lasterketetatik bostera pasako da. Martxoaren 19an egin zuten egutegiko lehenengo hitzordua, eta Opakuako igoeraren ondoren (apirilak 9) Gorlakoa izan behar zen egutegiko hirugarren lasterketa. Hala, zaleek ekainaren 9ra arte itxaron beharko dute Jatako igoeraz gozatzeko, eta udako oporren ondoren etorriko dira Sollubeko igoera Jaizkibelgo igoera eta Urrakikoa. Debagoienari dagokionez, Eskoriatzako –uztailak 16– eta Aramaioko –irailak 10– rallysprintek osatuko dute automobilismo egutegia.