Dantza eta idazketaren artean egiten du bizimodua Gema Iñiguezek. Diversidad Literaria argitaletxearen enkarguz, 25 orrialdeko istorioa kontatu du Sobre el calor de la piel liburuan. Lanak zortzi idazleren kontaketak biltzen ditu, eta irakurri nahi duenak apirilaren 11 aurretik eskatu dezake argitaletxearen online dendan.
Literatura erotikoa lantzen duzu. Zer dela eta?
Txikitatik idatzi izan dut. Etxean betidanik hitz egin izan didate sexuaz; agian, hortik datorkit idazteko zaletasuna. Nire amak liburu erotikoak erregalatzen zizkidan. Orain, nik idatzitakoa irakurriko du, baita oso erlijiosoak diren nire izebek ere. Familiatik botako naute!
Hain gogorra al da Contigo bajo la tormenta-n kontatzen duzuna?
Konbentzionaletik urrun dagoen trama bat azaltzen dut. Luzaroan elkarrekin dagoen bikote heldu batek harreman sexualak pertsona gehiagorekin izatea erabakitzen du. Sentimentalki ondo daude, baina sexualki gauza berriak probatu nahi dituzte: hirukoteak, bikote-aldaketak, lesbikoak... Gizonak gustua eman nahi dio neskalagunari.
Ba al du errealitatetik?
Gero eta bikote gehiagok egiten du halako esperientzien aldeko hautua, baina ia guztiak 40 urtetik aurrerakoak dira. Gazteen artean ez da erraza halako kasuak topatzea, zeloengatik.
Eta gomendatzen duzu?
Noski. Irakurleari pentsarazi nahi diot harreman konbentzionala ez dela beti egokiena. Hori da saldu digutena, eta, agian, horregatik gertatzen dira hainbeste porrot bikote-harremanetan. Batzuek pisu-kideak dirudite, edo isilpean jartzen dizkiote adarrak elkarri. Bikotearen barruan beste bide batzuk landuz gero, agian, ez lirateke horrenbeste arazo egongo. Hau da: zuk zure bikotekidea maite duzu, harekin bizi zara, baina dena ez da hor bukatzen. Nire ustez, bikote-harreman batek ezin du aurrera egin sexu onik izan gabe. Zure bikotekidearengana intimitatean askatasun osoz gerturatu ezin bazara, bazkaltzera joateko hobe lagunekin geratu.
"SEX SHOP BATEN BLOGEAN HASI NINTZEN LITERATURA EROTIKOA LANTZEN; ARRAKASTA ZEUKAN"
Edozein irakurlerentzat ez duzu idatziko, orduan.
Heldutasun-puntu bat duten pertsonek bakarrik irakur dezakete. Nire bi protagonisten arteko harremana oso indartsua da, eta beste pertsona batzuekin harremanak izan arren, euren artekoa ez da kaltetzen. Agian, 18 urteko batek irakurtzen du eta pentsa dezake normala dela bikote batek hirukote batean parte hartzea. Hori ez da bidali nahi dudan mezua.
Zaila da ideia horiek modu elegantean azaltzea?
Saiatzen naiz hitz itsusiak ez erabiltzen, nahiz eta sexuaz aritu. Argitaletxetik esan ohi didate dotoreziaz idazten dudala, jorratzen dudan generoa kontuan izanda.
Nabari duzu literatura erotikoaren pizkunderik?
Greyren 50 itzal kaleratu zenetik, bai. Pozten naiz erotikak irabazi duen interesaz. Halako literatura irakurtzeak pentsamendua zabaltzen laguntzen du. Bereziki, gai sexualak tabu bezala bizi izan dituzten emakumeen artean. Jarrera horren oinarrian ez dago matxismoa bakarrik; guk geuk ere mugak jarri dizkiogu geure buruari, lotsa sentitzeagatik.
Nola doaz salmentak?
160 ale inguru saldu dira dagoeneko. Horietatik 60 nire inguruko jendeak eskatu ditu. Diversidad Literariakoek esan didate harrituta daudela.
Aurrera begira, ze asmo?
Nobela luzeagoa idazteko eskaria jaso dut; badauzkat ideia berriak bueltaka.