Bulegoetatik jaso du kolpea Fagor Professionalek

Xabier Urtzelai 2022ko api. 6a, 16:23

Espainiako federazioaren eta Euskadikoaren arteko gaizki ulertze baten ondorioz talde oñatiarrak kolpea jaso du aste barruan. Joan den asteburuan Elgoibarren galduta ere, txantxikuek uste zuten oraindik ere play-off-era sailkatzeko aukerak zituztela. Baina, ez da horrela.  

Fagor Professional ez da maila nazionalera igotzeko play-off-ean egongo. Elgoibar eta Basauri daude Euskadiko Txapelketan lehenengo eta bigarren postuan, eta hasiera batean, bi postu horiek zuten igoera faserako txartela ziurtatuta. Nahasmena etorri da Espainiako federazioak joan den astean Euskadikoari –eta gainontzeko federazioei– bidalitako oharraren ondorioz. Hor Espainiako federazioak zehazten zuen hirugarren sailkatuak ere igoera faserako txartela izango zuela, eta hor areagotu ziren oñatiarren esperantzak. Alegia, joan den astean Elgoibarren kontra jokatu beharreko partidua ez zen horren hil ala bizikoa, eta galduta ere –26-25 galdu zuten– txantxikuek oraindik ere azken trena har zezaketen: Zarautzen kontra, oraingo zapatuan (18:00, Zubikoa). Baina ez da horrela, eta aste barruan izan dute horren berri Aitor Biainen mutilek. "Antza Espainiako federazioaren akatsa izan da, eta ondoren zuzenketa etorri da. Pena handiz hartu dugu albistea, uste genuelako zapatuan Zarautzen kontra gure esku zegoela igoera fasera sailkatzea, baina ez da hala izango. Bi astean behin Zubikoa betetzen duten zaleei zor diegu garaipena, eta partidu ona egitea, baina ez dugu ezer jokoan izango. Ezta zarauztarrek ere", adierazi du entrenatzaile oñatiarrak.

"Ezin du egindako denboraldia ilundu"

Aste barruan jasotako kolpeak, baina, ezin du oñatiarrek egindako denboraldia ilundu. "Begira nondik gatozen, iaz COVID-19a tarteko ez lehiatzea erabaki genuen, taldeko erreferente nagusiek eskubaloia utzi zuten eta belaunaldi aldaketa izan dugu taldean. Jokalari gazteekin lehiatu gara, eta hala ere, Euskadiko txapelketako onenekin batera ibili gara aurrean. Oso urte polita izan da eta orain gertatutakoak ez du egindako lan hori ilunduko".

Hala, Fagor Professional eta Zarautz inongo presiorik gabe kantxaratuko dira zapatuan: "Eta askotan horiek izaten dira ikusteko partidurik politenak, erasoaren alde egiten dutelako bi taldeek. Etxeko zaleen aurrean ondo amaitu nahi dugu denboraldia".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak