Bergararrak jarri dira aurretik markagailuan, baina, Leintz Arizmendiko neskek aurre hartu diote, Lidek faltaz sartutako golari esker, eta ondoren, Lorek sartutako golaz. Hala ere, bigarren zatian bigarrena sartu dute bergararrek, eta 2-2 amaitu da partidua.
Bergarako Mariñe Diaz jokalariak adierazi duenez, derbia parekatua izan da: "Ez da partidurik onena izan ez guretzat, ezta beraientzat ere. Markagailuan aurretik jarri gara, baina, bi gol jarraian sartu digute, eta bigarren zatian berdindu dugu. Hala ere, uste dut bi taldeok hobeto jokatu genezakeela. Halako partiduetan puntu bakarra lortzearekin konformatzen gara".
Leintz Arizmendikoak ere konforme geratu dira puntu bakarrarekin. Hala adierazi du Olatz Legardak, Leintz Arizmendiko kapitainak: "Joko larregi ez dugu egin hasieran. Beraiek hobeto hasi dira, eta garaipena nahi genuen arren, ez da irten. Txarragoa ere izan ahal zen, eta derbietan ez denez futbol askorik izaten, berdinketaz ondo. Hurrengo partidua, berriz, Tolosaren aurka izango dugu, eta gero Aste Santuetan atseden hartzeko aprobetxatuko dugu oporraldian".