EAEko errepide sare nagusian ez dago arazo aipagarririk une honetan. A15 autobia itxita egon da gau osoan baina duela gutxi zabaldu dute bi noranzkotan. AP1 autobidean ere ez dago azarorik, hori bai, mendateetan ez ibiltzeko aholkua eman dute. Elosuko mendatea itxita dago une honetan; Udanan eta Kruzetan kateak beharrezkoak dira eta Arlaban eta Gatzaga zabalik badaude ere oso kontuz ibiltzeko deia egin dute.
Oñatitik Arantzazurako errepidea itxi egin behar izan dute goizean, hainbat auto igotzen saiatu eta ez aurrera eta ez atzera gelditu direnean. Elurra kentzeko makina pasatu da ondoren eta une honetan zabalik badago ere, errepide horretan ez ibiltzeko aholkua eman dute udaltzaingotik.
Alerta laranjatik horira
Atzo gau erditik gaur goizeko hamarrak arteko alerta laranja igarota, abisu horian gaude une honetan. Goizaldean elur kota 200-300 metrora egon bada ere, igotzen joango da goizak aurrera egin ahala.