Lana, gizarteratzeko giltza

Miren Arregi Amasorrain 2022ko mar. 31a, 14:15

Debagoiena 2030 eta Debagoieneko Gizarteratze eta Laneratze Sarea elkarlanean ari dira, bazterkeria egoera arriskuan egon daitezkeen pertsonen laneratzean lagunduko duen esku-hartze proposamena diseinatzen. Enplegu zentro bereziak, txertaketa enpresak eta formaziora bideratuak ari dira ekainera bitarte luzatuko den prozesuan.

Lana eta inklusioaren eremua lantzen dihardu Debagoiena 2030 ekimena, bazterkeria egoera arriskuan egon daitezkeen pertsonen laneratzean lagunduko duen esku-hartze proposamena diseinatzen. Bazterkeria sozial egoeran dauden pertsonen artean, formazio beharra dutenentzat edo enpresa arruntetan laneratzeko aukera gutxi dutenentzat esku-hartzeak proposatzeari ekin diote parte hartzaileek. Ekainera bitartean egongo dira ekintza plan hori diseinatzen.

“Pertsonak gizarteratzeko ezinbestekoa da laneratzea”, dio Onintza Legorburuk, esku-hartze proposamena diseinatzeko prozesua gidatzen diharduen  Emuneko eta D2030 ekimeneko kideak: “Ez da faktore bakarra, badagoelako lana duen jende bat baina lan horren baldintzengatik gizarteratze faktoreak betetzen ez dituena. Baina, badakigu lan barik gizarteratzea oso zaila izango litzatekeela eta egin ditugun esplorazio eta gerturatzeetan oso argi ikusi dugu hori”.

Elkarlana oinarrian

Elkarlana da D2030en balioetako bat eta argi du horretaz baliatu behar dela Debagoienak lanaren eta inklusioaren alorrean dituen erronkak identifikatu eta horiei erantzuteko esku-hartzea diseinatzeko. Hala, DGLSrekin batera lantzen dabil D2030 esku-hartzea. Sare horretan, bazterkeria egoeran dauden pertsonen laneratzean ari diren hainbat eragile daude ordezkatuta: Enplegu bereziko enpresak, txertaketa enpresak edo formaziora bideratuak. Hala nola, Lanbide, Emaus, Bizikasi-Miguel Altuna, Mankomunitateko Garapen Agentzia, Kalexka, Zabaltzen-Sartu, Bidebarri, Arizmendi-Lanbide Hastapena, Aretxabaletako Lanbide Eskola, Daiteke, MGEP, Katea Legaia eta Bastida.

Prozesuan parte hartzen ari diren eragileek balioan jarri dute sarean eta elkarrekin lan egiteak duen indarra, sinetsirik baitaude, inpaktuzko emaitza bat lortzeko bide egokia izan daitekeela. Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako zuzendari Koldo Azkoitiarendako ezinbestekoa da elkarlanetik lan egitea zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei eskaintza integratu bat eman ahal izateko.

Bide beretik dihardu Bizikasi-Miguel Altunako Miren Errastik ere. “Elkarlanetik behar gehiago ikusten dira, bai kolektibo espezifikoenak, etorkinenak, kualifikazio beharra dutenenak… eta prozesu honek aberastu egiten du dena”.

Oñatiko Bidebarri enplegu zentroko Maite Uribarrenek ere balioan jarri du sarean eta elkarlanetik lan egitearen indarra. “Prozesu honen bitartez ezagutaraziko ditugu baita ere laneratze enpresen, enplegu zentro berezien eta bazterkeria egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten erakundeen lana eta hori ere esanguratsua da”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak