Urtea borobiltzeko zazpi jardunaldi dituzte

Xabier Urtzelai 2022ko api. 1a, 18:21

Arizmendiarrieta eta Gorostidi, domekako derbian, lehian (2-3).

Mondra eta Aretxabaleta goiko postuei begira dabiltza, eta zazpi partidu hauek zukutu nahi dituzte 'play-off'-erako sailkatzeko aukeraren bat duten ikusteko. Bergara erdian dago, eta Aloña Mendik mailari eusteko azken esprinta egin behar du.

Ligari zazpi jardunaldi geratzen zaizkio, eta jokoan dauden 21 puntu horietatik mordoxka bat behar dituzte Mondrak (49) eta UDAk (46), aurrealdean dabiltzan Elgoibar (55) eta Touring (61) harrapatzeko. Eibar (50) ere hor dago, baina eibartarrek Hirugarren Mailan ere ordezkaritza dute; horrenbestez, epaile lana egiten dute, baina ezin dira mailaz igo.

Kontua da aurrealdean dabiltzan bailarako bi taldeek ez dutela amorerik emateko asmorik, nahiz eta Elgoibarrek kale egiten ez badu jai duten. "Touringen txakalaldirik ez dugu espero, eta Elgoibarrek bi partidu galdu beharko lituzke eta guk guztiak irabazi play-off-etarako sailkatzeko", dio asteburuan lider dagoen Touringen zelaian jokatuko duen Mondrako entrenatzaile Cristian Matiasek: "Gainera, aretxabaletarrak ere borrokan sartuta daude, eta euren kontra ere jokatu behar dugu".

Bolada onean UDA eta Mondra

Hain zuzen, azken unera arte amorerik ez emateko asmoarekin dabiltza arrasatearrak eta aretxabaletarrak. Bolada onean dira bi taldeak, eta, bereziki, talde zuri-morea sasoian iritsi da ligako txanpa honetara –jokoan egon diren azken 18 puntutatik 15 eskuratu dituzte–. "Egia da partiduz partidu joaten garela denok, baina bai, nahi gabe bada ere, normala da ligako txanpa honetan denok sailkapena hartu eta batuketak egiten hastea. Hala ere, play-off-etarako sailkatzea oso sari polita bada ere, ligan azkenera arte borrokatzen egotea ez da sari txikia, ilusio horri amaierara arte eustea. Kategoriari ahalik eta gutxien sufrituta eustea zen urte hasieran geneukan helburua, eta etxeko jokalariek erantzun egin dute eta hor gaude". Hala, aipatu moduan, zuri-moreek Touringen zelaian jokatuko dute bihar (16:30, Fanderia); UDAk, berriz, etxean partidu berezia izango du etzi (16:30). Izan ere, 75. urteurreneko ospakizunen barruan, presidente izandakoak omenduko dituzte atsedenaldian. Gero, maila ia galduta duen Euskaldunaren kontra jokatuko dute.

Bakarra igoko da

Ohorezko erregional mailan, seguruenik, lehenengo sailkatuak baino ez du Hirugarren Mailarako bidea hartuko. Baina bigarren sailkatzen denak play-off-a jokatuko du Bizkaiko eta Arabako bigarren onenen kontra, eta hor irabazten duenak Espainiako Errege Kopa jokatzea izango du sari. "Akaso, Hirugarren Mailara igotzea baino sari hobea da Errege Kopa jokatzea", dio Matiasek. Izan ere, Hirugarren Mailara koska handia dago, eta taldea ondo indartu ezean –dirua xahutu behar da horretarako– aukera handiak daude kategoria berrian denboraldia benetan luzea eta malda gorakoa izateko. "Errege Kopak, berriz, ilusioa pizten du jokalarien eta zaleen artean, sari oso polita da herriko jokalariekin jokatzen duen klub batendako".

MONDRAK EDO ARETXABALETAK AUKERAK IZATEKO ELGOIBARREK KALE EGIN BEHAR DU ZAZPI PARTIDU HAUETAN

Oñatiarrek lanak dituzte

Bergara (40) lasai dago sailkapenaren erdialdean. Atzeko postuak ez dira arazo, eta liga hasiera makala egin bazuten ere, bereziki etxean oso talde indartsu bilakatu da –Agorrosinen abendutik ez dute partidurik galdu–. Hala, mahoneroek atzealdetik ihes egiteko lanean dabilen Real Unionen (28) kontra jokatuko dute, Agorrosinen (16:30). 

Eta, hain zuzen ere, atzeko postuetatik ihes egitea helburu duen Aloña Mendik (30) pozik ospatuko du bergararren garaipen bat. Izan ere, Real Union kontrario zuzena da oñatiarrendako, baina baita bihar aurrean izango duten Amaikak Bat (30) ere (16:30, Errotazar).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak