Atzo ospatu zuten Ordiziako Herri Antzokian Argi Berri sariaren 24. edizioa. Ane Zuazubiskar arrasatearrak eskuratu zuen Txikia garaikurra, bertaratutako entzuleek hala erabakita. Horrez gain, Osinalde sariketarako kanporaketa izan zen Ordiziakoa, eta, Zuazubiskarrekin batera, Oihana Arana eskoriatzarra sailkatu zen finalerako.
Zuazubiskarrekin eta Aranarekin aritu zen bertsotan Haizea Arana eskoriatzarra ere, eta, Andoni Mujikak (Urnieta), Maide Garmendiak (Zaldibia) eta Iker Ormazabalak (Hernani) osatu zuten saioa. Gai-jartzailea Igor Eguren izan zen.
Goierriko Hitzak bertatik bertara jasotako kronikaren arabera, Zuazubiskarrek, orokorrean, "saio biribila" osatu zuen, eta horren isla, txalo zaparrada jaso zuen azken agurrean. Arana ahizpak, bestalde, binakakoan espetxean dauden bi presoren lekuan jarri zituzten eta ziegako apaintzearen inguruan jardun zuten.