Azkoagaingo derbiko puntuak, Arrasatera

Mireia Bikuña 2022ko mar. 27a, 19:01

Mondrak 2-3ko emaitzarekin irabazi du Aloña Mendiren kontra. 0-3 aurreratu dira zuri-moreak, eta oñatiarrak markagailuan hurbildu arren, ez dute nahiko denbora izan berdinketa lortzeko.

Partiduaren hasieran Mondra taldeak jokoaren eta baloiaren kontrola izan du, eta 4. minuturako aukera garbia izan du lehen gola eskuratzeko. Aurrelari batek buruz emandako baloia Carlos Odriozolak atera du marraren gainetik. Lehen zati honetako 20. minutuan iritsi da partiduko lehen gola. Arrasatearrek korner bat atera dute, eta Duranak lehen zutoinean aurrera hartu die Aloñakoei eta buruz 0 eta 1ekoa lortu du. Gol horren ostean oñatiarrek lerroak aurreratu dituzte, eta Mondrakoen atera hurbiltzen hasi dira. Lehen zatia amaitzear zegoela, 41. minutuan, Andoni Altubek aukera ederra izan du berdinketa lortzeko, baina, jaurtiketaren ostean, baloia langaren gainetik joan da.

Mondra, bat gutxiagorekin

Bigarren zatia hasi orduko, 51. minutuan, alboko sake baten ostean, Iñigok buruz errematatu du, baloiak Danel gainditu du, eta 0 eta 2koa iritsi da. Partiduko 64. minutuan lehia erabakita geratu da. Oñatiarrek baloia galdu dute zelai erdian, eta jaurtiketa luze baten ostean, Mondrakoek hirugarren gola eskuratu dute. Dena dela, oñatiarrek ere, euren gola lortu dute. Unai Gilek sareetara errematatu du oñatiarrek erasoaren eskuin aldetik eramandako erasoa. Partidaren azken 10 minutuetan Mondra taldea jokalari bat gutxiagoarekin aritu da epaileak Gaizka atezaina egotzi duelako. Egoera hori baliatuta oñatiarrek 2 eta 3koa lortu dute Gari Galdosek buruz egindako erremateari esker, eta partidako azken jokaldian berdinketa lortzeko aukera ere izan dute, baina Gariren azken errematea langaren gainetik joan da. Jokaldi horrekin amaitu da partida.

Omenaldia

Partidua hasi aurretik Javier Ugarte, Patxi-ri, omenaldi xume bat egin zaio, urte hauetan guztietan Aloñaren alde egindako lan guztiagatik, bai hainbat taldetako delegatu moduan, baita beste hainbat zereginetan ere. 

UDA eta Bergara

Ohorezko Erregional Mailan diharduten bailarako beste bi ordezkariek, emaitza ezberdinak izan dituzte. Aretxabaletak 0-2 menderatu du Real Union, eta sailkapenaren bosgarren lekuan jarraitzen du. Bergarak, aldiz, galdu egin du Hernanin, 2-1. Mahoneroak, zortzigarrenak dira.

Emakumezkoak

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako Leintz Arizmendik galdu egin du 23. jardunaldian, Lesakan, Beti Gazteren kontra: 2-0.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak