Uzarragako Igoerako lehenengo kilometroetan tropela azkar ibili da, eta urduritasunak eraginda-edo eroriko batzuk izan dira. Antzuolako gazte mailako lasterketa, baina, Uzarragako maldetan erabakitzen da, eta gaurkoa ez da salbuespena izan. Segundo batzuetako abantailarekin iritsi da Mikel Arrasate, eta azken metroez gozatu ahal izan du, publiko dezente batu den helmugan: "Hasieran, lautadan, ondo ibili gara. Baina mugimenduak ere izan dira, besteak beste erorikoak egon direlako. Gero, aurrean sartzea ahalegindu gara, erasoa jo dugu eta bakarrik helmugaratu ahal izan naiz. Egia esan Uzarraga ez neukan lehenagotik igota, proba aurretik etorri gara ikustera, eta bai, gogorra egiten da", adierazi du irabazleak.