Ohorezko erregional mailan Aloña Mendi da asteburuan etxean jokatuko duen ordezkari bakarra. Eta derbia izango da, gainera, oñatiarrek Mondra hartuko dute-eta. Arrasateko taldea sailkapenaren goialdean dago, laugarren postuan, eta azken bost partiduetatik lau irabazi eta bat berdindu dute. Txantxikuek, berriz, oso partidu onak makalagoekin tartekatu dituzte, gorabeheratsu dabiltza, baina sailkapenaren erdialdean egonkortuta daude, eta gainera, Azkoagainen jokatutako azken lau partiduak oso txukunak egin dituzte. Partidu horrekin batera, Aretxabaletak Real Unionen kontra jokatuko du zapatu arratsaldean (16:00, Gal), eta Bergarak Hernanin du hitzordua zapatu goizean (11:30).
Emakumezkoen ohorezko erregional mailan Bergarak ere etxean jokatuko du. Oiartzunen kontra dute partidua, domeka arratsaldean (17:30). Leintz Arizmendik, berriz, Lesakan du partidua, zapatu arratsaldean (16:30), Beti Gazteren kontra.