Gorlako Igoerak amateur mailako ziklista onenak batuko ditu etzi (10:00, Labegaraieta). Beste urte batez, kategoriako oilarrak mokoka izango dira Bergaran, eta tartean izango dira Debagoieneko bost ziklista. Eulen taldean izango dira ordezkari gehien: Asier eta Andoni Azkarate eta Unai Cueva oñatiarra talde horretan dabiltza; beste oñatiar bat, Aimar Erostarbe, Cafes Baqueko maillota defendatzen dabil; eta izango da etxean korrituko duenik, Bergarako Ibai Unamuno (Eibar) ere lasterketan izango da eta.
Irteera Labegaraietan egingo dute, iaz moduan, eta ez San Martin plazan: "Lasterketa antolatzen eta ibilbidea prestatzen hasi ginenean, oraindik COVID pasaportea-rekin genbiltzan aurrera eta atzera, ez genekien zein izango zen martxo amaieran izango genuen egoera, eta, badaezpada, iazko neurri hori errespetatzea erabaki genuen; alegia, irteera herrigunetik ateratzea. Pena da, irteera plazan izan denean oso giro polita egoten delako, jendea joaten da Seminarioko patiora autoak ikustera... Espero dezagun datorren urtekoa erabateko normaltasunarekin antolatuko dugula", dio Lokatzako presidente Ion Unamunok.
130 kilometro
Berritasunen artean dago lasterketak kilometro batzuk gehiago izango dituela, hasieran egingo dituzten Osintxu eta Zubillaga arteko joan-etorrietan Osintxura beste itzuli bat gehiago egingo dute eta. Hala ere, horrek ez ditu lasterketako ezaugarriak aldatuko: "Saihesbidean ibili eta gero, ziklistak Ibargaraitik sartuko dira Bergarara. Hala, Gorlako lehen igoera egin aurretik, Ibargarai kalea zeharkatuko dute, eta Deskargatik bueltan datozenean ere San Antonio kaletik sartuko dira eta herrigune osoa gurutzatuko dute. Aukera polita lasterketa herrian bertan ikusteko".