Intxortako maldak borroka gogor baten testu izango dira ostera ere. Baina domekakoak ez du 1936koarekin zerikusirik izango. Orduan, gudariek Francoren ejertzitoari eutsi zioten zazpi hilabetez, eta oraingoa kirol lehia izango da, eta herriak lagunduta antolatuko dute, gainera. "Eskerrak boluntarioei, bestela, taldekideon lanarekin bakarrik ezinezkoa izango litzateke halako zerbait antolatzea", dio Intxortako Ahuntzak Trail taldeko kide Eleder Lozanok. Ahuntzek, hain zuzen, taldearen izena daraman gailurra aukeratu dute GOIENAko azaleko argazkiak egiteko.
Oihana Kortazarren babesarekin
Asentzion hitzordua eginda hartu dute Intxortarako bidea, eta Oihana Kortazar izan dute bidelagun, bai gaurko –eguazteneko– argazki saioan, eta baita lasterketako antolaketan ere. "Bere irudia erabilita korrikalariak erakarri ditugu, eta eskertzekoa da", dio Lozanok. Kortazar, baina, berri txar batekin dator: "Min hartuta nabil eta amorru galanta ematen dit domekan lasterketan parte ez hartzeak". Mutrikun bizi den elgetarra, baina, Intxortan egongo da lasterkariak animatzen. "Pare bat entrenamendu saio falta zaizkit lasterketa egin ahal izateko, sikiera, oina ondo dudan ikusteko. Gustura egingo nuke, geroago eta hobeto sentitzen naizelako, baina fisioterapeuta enteratzen bada lasterketan parte hartzen dudala...", dio, irribarre batekin.
15 kilometroko proba
Antolatzaileen ustez, Ahuntzen lasterketak 15 kilometro izateko gogortasun maila nahiko polita izango du: "900 metroko desnibela ez da gutxi, eta ahalegindu gara ibilbidean zehar mendiko pistak eta baserri bideak erabili beharrean ahalik eta bidezidor gehien sartzen. Hala, lasterketa hasi eta San Roketik eta Leposolotik Goikomendira abiatuko dira. Normalean, jaitsiera luzeenak lasterketa amaieran egoten dira, baina hemen lasterketa hasi eta segituan izango dute jaitsiera luzea. Handik zuzenean Aixolako presara jaitsiko dira eta presaren albo batetik ibili eta gero Erdella puntara arte igoko dira –han, lehenengo gizonezkoak eta emakumezkoak Flotamet saria irabaziko dute–, eta Erdellatik jaitsi ondoren Intxortako maldak izango dituzte zain". Kortazarrek bikain ezagutzen ditu paraje horiek, eta dio Elgetako inguruek askotariko aukerak ematen dituztela. "Distantzia luzeko probak ere egin daitezke hemen, baina neurri polita dauka domekakoak, denendako modukoa antolatzea garrantzitsua da". Helduendako lasterketarekin batera, gazteendako egindako Antxumeen lasterketak lau kilometro izango ditu, eta horiek 200 metroko desnibela gainditu beharko dute. Guztira, hogei batuko dira irteera puntuan.