Eguzki energiaren, kristalaren eta zeramikaren industrietarako automatizazio soluzioak lantzen dituen QHD Visual Automation Equipment enpresaren %60a eskuratu du Mondragon Assemblyk. Txinako Qinghuangdao hirian –Beijing hiriburutik 272 kilometrora– dago erakundea, eta ez da bien artean izan den lehen hartu-emana.
Izan ere, azken zazpi urtetan hainbat proiektutan elkarlanean aritu dira bailarako eta Txina ipar-ekialdeko enpresak. Besteak beste, eguzki panelen produkziorako "berritzailea eta kalitate gorenekoa" den soluzio teknologiko bat patentatu dute; "mintza" baztertuta, modulu fotovoltaikoak muntatzeko baliagarria den laminatzeko makina bat, alegia. Merkatuko makinarik "berritzaileena" da, kalitateari, lehiakortasunari eta efizientziari dagokienez "sekulako aurrerapena" dakarrena.
"Aukera berriak"
Mondragon Assemblyko Eguzki Negozioko zuzendari den Iñaki Madinak prentsa ohar bidez adierazi duenez, Plan Estrategikoaren "bide-orriaren zati bat da", "negozio aukera berriak" ekarriko dituena eta "lehiakideen aurrean indartuko" duena. Ildo beretik mintzatu da enpresa asiarreko zuzendaria, "soluzio, aukera eta aplikazio berriak" garatzeko, sortzeko eta diseinatzeko aukera emango duen aliantza dela adieraziz.