Lehenengo norgehiagoka, eskuz binakako pilota goxua promozio mailakoa izan zen. Insaustik eta Betegik aurkari izan zituzten Aiala Uriarte eta Uxue Perez; 9 eta 18 galdu zuten debagoiendarrek.
Betegiren entrenatzaile Juan Mari Errasti aretxabaletarrak adierazi zuen tantoek ez dutela erakusten partidak emandakoa: "Oso ondo jokatu zuten; tanto luzeak eta borrokatuak izan ziren. Partidua ikustera gerturatutakook oso ondo ikusi genituen".
Bigarren partida, senior mailako eskuz binakako pilota goxua, Nagore Aramendik eta Leire Etxanizek irabazi zuten 18 eta 8, Oneka Bereau eta Joana Haristoyk osatutako bikoteari irabazita.
Galeano ahizpek ere galdu
Eta hirugarren partida, eskuz binaka pilota mistoa promozio mailakoa, Nagore eta Leire Galeanok jokatu zuten Ainhoa Romero eta Irati Zabalaren aurka. 16 eta 18 galdu egin zuten horiek.