Euskal zinemagintzaren erakusleiho izateko asmoz abiatutako ekimena da Laburbira; Euskal Herriko euskara elkarteak batzen dituen Euskaltzaleen Topagunea da bultzatzaile nagusia, Benito Ansola Sariarekin, Durangoko Azokako Irudienea gunearekin, DemaSA lehiaketarekin eta Kameratoia egitasmoarekin elkarlanean osatzen duena.
Otsailaren 25ean hasi ziren, Areatzan, bilduma berria herriz herri erakusten, eta apirilaren 4an Lantaronen borobilduko dute, 29 herritan eskainita. Debagoienean hiru aukera izango dira iaz ekoitzitako euskarazko askotariko film laburrak ikusteko: Txirritola euskara elkartearen eskutik, Aramaioko kultura etxean eskainiko dute domekan, 19:00etan; AED elkartearen ekimenez, Arrasateko Udalaren laguntzarekin eta Korrika Kulturalaren programazioaren baitan, Amaia antzokian izango dira martitzenean, 19:30ean, filmak ikusgai; eta Jardun Euskara Elkartearen eskutik, martxoaren 23an, Seminarixoan, 20:00etan.
Bederatzi film labur
Urtez urte sendotzen doan egitasmoa da Laburbira; horren erakusle da aurten hemeretzi lan jaso dituztela. Horietatik bederatzi film labur aukeratuta osatu dute 80 minutuko iraupena duen emanaldia.
Askotariko filmak batu dituzte aurten ere, eskarmentua duten zinemagileek eta hasiberriek egindakoak, eta askotarikoak dira, era berean, gaiari eta generoari begiratuta ere. Arrasateko Iban del Campok zuzendu duen eta dagoeneko sariak irabazi dituen Serendepia dago horien artean; Arrasateko emanaldian zuzendaria izango da. Bergarako Proiektors Sormen Taldeak egin duen Turnoka film laburra ere katalogoan dago; horiez gain, Itsasoaren mugimendua, Lanbroa, Falta zaizuna, Rewing, Subandilla, Hurrengo geltokia eta Itsaso filmak.