Atleta uholderik barik, ikuskizuna bermatuta

Xabier Urtzelai 2022ko mar. 18a, 12:00

Oñatiko duatloiaren hasiera (2019); bihar ere taldean irtengo dira denak.

Bihar, zapatua, 171 atleta batuko dira Oñatiko duatloiko irteera puntuan (16:30). Beste urte batzuetakoa baino kopuru txikiagoa da; hala ere, Oñatiko esprint distantziako lasterketak osagai guztiak ditu puntako kirol ikuskizuna izan dadin.

Azken egunotako zereginetan buru-belarri harrapatu du GOIENAk lasterketako antolaketa taldeko kide Andoni Correas. "Azken asteotan meloia poliki-poliki zabaltzen joaten da, egunotan erabat zabaltzen den arte", dio, umorez. Hain zuzen ere, umorea da galdu ez duena, nahiz eta atleten parte-hartzea aurreikusitakoa baino txikiagoa izango den: "Izen-ematea zabaldu genuenean aurreikusten genuen 200 eta 250 atleta artean etorriko zirela lasterketara, baina gero, joan gara ikusten beste duatloi batzuetara zenbat atleta joan diren, eta, egia esan, larrituta geunden. Pentsa, joan den astean Añorgako duatloira 77 parte-hartzaile joan ziren. Atletak baino boluntario gehiago zeuden... Hori horrela, ikustea gurera 171 atleta etorriko direla, tira, zenbateko polita iruditzen zaigu, konforme geratu gara". Oñatiarrak aitortu du ez dela duatloietan izan duten jaitsiera horren zergatiak azaltzeko kapaz: "Motibo bat baino gehiago egongo da, baina egia da duela urte batzuk herritar gehiago animatzen zirela lasterketetan esku hartzera. Egia da Estatuko beste leku batzuetan lasterketa bat egiteko ez dagoela urte osorako federatu beharrik, eta gurean bai. Hori den motibo nagusia? Ez dakit esaten".

Faborito talde polita

Lasterkari kopurua beste edizioetakoa baino txikiagoa bada ere, lehia eta ikuskizuna bermatuta daude: "Emakumezkoetan Maddi Marquet –2021eko irabazlea–, Helene Alberdi eta Arrate Mintegi nabarmenduko nituzke. Eta gizonezkoen kategorian uste dut Urko Herran besteak baino koska bat gorago egon daitekeela, eta ondoren, maila berean dagoen atleta talde polita dago".

Faboritoen taldetik kanpo geratu da, lasterketan ez delako egongo, iaz podiumera igo zen eta 2017an lasterketa irabazi zuen Beñat Arnaiz. Aretxabaletakoa COVIDak eragindako pneumonia batetik errekuperatzen dabil.

Esprint distantziako proba

Zapatukoa esprint distantziako lasterketa izango da. Horrek esan nahi du lehenengo sailkatuak ordubete inguruan helmugan izango direla. Emakumezkoak 16:30ean irtengo dira –26 atleta izango dira– eta gizonezkoen kategorian irtengo diren gainontzeko 145 atletak 16:45ean abiatuko dira. Korrika 5 kilometro egingo dituzte, 20 bizikletan eta azken tartean beste 2,5 kilometro egingo dituzte korrika.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak