'Upeide' taldeak 51.198 euroko saria irabazi du

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 17a, 08:00

Upeide taldeak 'Zurekin Bat' lehiaketako zakua irabazi zuen unea.

Aitor Ruiz de Austrik, Beñat Arrietak, Gari Barandiaranek eta Mikel Arrietak osatutako taldeak zakua irabazi du Ainhoa Etxebarriak aurkezten duen ETB1eko Zurekin bat saioan. Diruaren zati bat Upeide izeneko elektrotxaranga sortzeko erabiliko dute.

Lau kideko bi talde lehian aurrez aurre, eta helburu nagusia egunero jokoan dauden 800 euroak irabazi eta programaren zaku potoloa eramatea; hain zuzen, horixe bera lortu dute Aretxabaletako eta Eskoriatzako gazteek. Aurreikusi baino diru gehiago irabazi dute publiko gazteari eta familiarrari zuzenduta dagoen Zurekin bat saioko 102. atalean, eta pozik daude saridunak, hasierako helburua beteta eta platoan une ederrak pasata.

27 programatan disfrutatzen

Aitor Ruiz de Austrik, Beñat Arrietak, Gari Barandiaranek eta Ixak Sarasuak hasi zuten programako ibilbidea, nahiz eta Sarasuaren ordez Mikel Arrieta batu zen Upeide taldera. Hasieratik helburu garbia zuen laukoteak, 4.000 euro inguru lortzea, Upeide elektrotxaranga prestatzeko materiala erosteko. "Gabonetan hasi ginen parte hartzen eta gutako bi gaixotu ginenean geldiune bat izan genuen. Otsail hasieran bueltatu, eta, guztira, 27 saiotan izan gara parte hartzen. Ondo pasatzeko helburuarekin hasi arren, ondo moldatzen ginen; beraz, programarako prestatzen hasi ginen, eta aurreikusi baino gehiago iraun dugu saioan, eta uste baino diru gehiago irabazi. Gainera, lan kontuengatik eta bestelakoengatik programa utzi behar ge-nuenean, orduan etorri da sari nagusia; hortaz, oso pozik gaude", adierazi du Aitor Ruiz de Austrik, Upeide taldeko liderrak. Aretxabaletarrak gaineratu du Sarasua praktiketan hasi zenez unibertsitateko lagun duen Mikel Arrieta donostiarra sartu zela haren ordez taldera, eta bera izan dutela bidelagun saioaren zati handi batean.

Kamiseta-jokoa

Saioetan egin dizkieten galderei erantzun zuzena bilatu gu-ran aritzeaz batera, inguruko musika taldeei propaganda egiteko ere aprobetxatu dute aukera: "Nhil, Txerrikumeak, Wood Strings... Taldeen propaganda egitera joan ginen hasieran, baina, saioa aurrera joan ahala, kamiseta barik geratzen hasi ginen".

Jasotako diruarekin konforme, irakurketa txiki bat egiteko tartea ere hartu dute talde-kideek: "ETB1eko lehiaketa bakarra da Zurekin bat saioa, eta, ETB2ko bi lehiaketekin alderatuz –Esto no es normal eta Atrápame–, askoz diru gutxiago dago jokoan. Irabazi duguna oso ondo dago, baina argi dago zer-nolako ezberdintasunak dauden kate baten eta bestearen artean, bai programazio bai aurrekontu aldetik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak