Euskaltel Euskadi Espainiako Itzulian izango da

Xabier Urtzelai 2022ko mar. 14a, 17:49

Irizar eta Aristi talde laranjaren hurrengo hitzorduan izango dira, hilaren 16an hasiko duten Volta ao Alentejon.

Bigarren urtez jarraian, Euskadi Fundazioko gizonezkoen talde profesionala WorldTourreko itzulian arituko da. Talde laranjak, baina, Portugalen du hurrengo hitzordua, martxoaren 16an hasiko duten Volta ao Alentejo. Han izango dira Irizar eta Aristi.

Euskaltel-Euskadi 2022ko Espainiako Itzulian izango da, abuztuaren 19tik irailaren 11ra bitartean. Unipublicek, lasterketako antolatzaileak, gonbidatutako hiru taldeetako bat izan da Euskaltel, eta , WorldTourreko 18 talderekin eta 2021eko bi ProTeam onenekin batera izango da lasterketan. Hala, taldeko kirol zuzendari Jorge Azanzak pozarren hartu du albistea: "La Vuelta moduko lasterketek ematen diote zentzua egiten dugun lanari, talde batek urratsak ematen dituela ikusteak. Beste WorldTour lasterketa batzuetan lehiatuko gara, baina La Vuelta itzuli handia da, ibilbidea eta maila beti altuena du. Horrenbestez, gu hor ikustea beste urte batez guztion ametsa da, bai txirrindulariena, bai zuzendaritzarena. Kirol helburuei so, sailkapen orokorra oso mugatuta dagoen arren, etapa batzuk borrokatzeko ilusioa eta itxaropena dugu, batez ere etxean gure zaleen aurrean lehiatuko garen hiru egunetan. Gainera, taldea lasterketa bakoitzean erakusten dituen ezaugarriak azaltzen saiatuko da, halanola, nortasuna, jarrera, eta lehiakortasuna". 

Hala, 2022ko Espainiako Itzuliko ibilbideak hiru etapa izango ditu Euskal Herrian, Gasteizen, Guardian, Irunen eta Bilbon, abuztuaren 23, 24 eta 25ean. Talde laranjak, baina, baditu erronka politak gertuago. Esaterako, Volta ao Alentejo (martxoak 16-20) da hurrengo lasterketa, eta hor lehiatuko dira Mikel Aristi eta Julen Irizar bergararrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak