Garraioaren defentsarako plataformaren lanuzte mugagabea babestuko dute euskal garraiolariek

Jone Olabarria 2022ko mar. 13a, 11:10

Hiru Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuko kideek atzo goizean  egindako ezohiko batzarrean erabaki zuten astelehenetik aurrera Garraioaren Defentsarako Plataformak deitutako lanuzte mugagabea babestea.  Tradinsa Nafarroako Garraiolarien Elkarteak ere grebarekin bat egingo du.

Bihartik aurrera hasiko dira lanuzte eta mobilizazioekin, "garraioaren egoera larria" salatu, sektorean baldintza duinak exijitu eta neurri zehatzak eskatzeko. Astelehenean bezeroei tarifen igoera eskatzen hasiko direla jakinarazi duten, eta datozen egunetan ere elkarretaratzeak egingo dituzte. Martitzenean Nafar Gobernuaren aurrean kontzentratuko dira, eta asteazkenean Gasteizen, Lakuan, Jaurlaritzaren aurrean.

"Inork ez dezala kostuen azpitik lan egin"

Sindikatutik adierazi dutenez, "ezinezkoa" da erregaia zenbateraino garestituko den jakitea, eta "ezinbestekoa" garraioaren tarifak gasolioaren prezioaren igoeraren arabera aldatzea: "Gutxienez hamabost egunean edo hilabetean behin berrikusi behar dira tarifak". Tarifen berrikusketa exijitzeaz gain, azken urteetan egindako aldarrikapenekin ere jarraituko dutela zehaztu dute: "Inork ez dezala kostuen azpitik lan egin, tarifen berrikuspena gastuen gehikuntzaren arabera, eta garraioan diren jokabide makurren kontrolarekin amaitzea, besteak beste postontzi-enpresa, kooperatiba faltsu eta azpikontratazioena".

Hirutik adierazi dutenez, badira bezeroekin tarifak gasolioaren igoeraren arabera berritzea hitzartu dutenak eta gelditzeko asmorik ez dutenak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak