Gipuzkoako Bazkundeak Eibarko Kids & Party enpresari eman dio sari nagusia. Edozelan ere, beste urte batez, probintziako hamar komertzio nabarmendu gura izan ditu haien berezitasunengatik eta bestelako komertzioengandik ezberdintzegatik. Aurten, gainera, berrikuntza moduan, herritarren boto bidez aukeratu dituzte bailara bakoitzeko "hamar bitxiak". Hala, Debagoienean nabarmendu dena Arrasateko Belun Une Ahaztezinak izan da. "Oso pozik eta eskertuta gaude. Ulertzen dugu bezeroek eta bezeroak ez direnek emandako botoei esker eman digutela sari hau, eta horrek indarrak ematen dizkigu aurrera egiten jarraitzeko", azaldu dute Leire Bediak eta Jessica del Campok, dendako arduradunek.
Retail Euskal Eskola Saria, Oñatira
Bestalde, aurten lehenengoz eman duten Retail Euskal Eskola Saria jaso du Oñatiko Maibi Dekorazioa eta Ehungintzak, "etengabe kontsumitzailearen ohituretara egokitzeko duen gaitasunagatik eta Retail Euskal Eskola programan egindako lanagatik".
Argiloain Perosterena arduradunak "sorpresaz" hartu du aitortza hau, "azken batean, ikasteagatik egiten dizuten aitortza delako". Edozelan ere, aitortu du ikaste horrek esfortzu bat dakarrela eta, beraz, pozik jaso du saria. "Egoera zaila bizitzen ari gara, egoera ezegonkorra bizitzen ari garelako eta ez dakigulako zer etorriko zaigun. Hala ere, aurrera egiteko indarra handia eman dit sari honek".
Ere berean, azaldu du Retail Euskal Eskolak asko laguntzen diola eta oso aberasgarria dela berarentzat, "esparru guztietako formazioa" jasotzen duelako han (erakusleihoak, bezeroak nola zaindu, arlo ekonomikoa...). Gainera, pandemiaren eraginez, ikastaro guztiak online egin dituzte eta hori ere asko eskertu du, batetik bestera mugitu beharrik ez duelako izan.
2016an, hamar bitxien baitan, Debagoieneko denda nabarmendua izan zen Maibi Dekorazioa eta Ehungintza.