Azken urratsa eman nahian

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 11a, 14:50

Eric Ugarte oñatiarra Elgoibarren aurkako neurketan atera jaurtitzen. (Argazkia: Goiena).

Lau jardunaldi falta dira gizonezkoen Euskal Liga amaitzeko; bost emakumezkoen azken neurketarako. Fagor Professional Aloña Mendi, Mugarri-Ingou Arrasate eta Construcciones Ugarte Aloña Mendi azken urratsa eman nahian ari dira; Lehen Maila Nazionalerako igoera fasea jokatzeko lehenak, maila mantentzeko beste biak. Jardunaldi garrantzitsua izango da asteburukoa.

Ohiko liga moldeak alboratuta, bigarren faseko azken txanpara heldu dira eskubaloiko Euskal Ligak. Urriaz geroztik, bailarako hiru taldeen bilakaera arras ezberdina izan da. Hiruak, baina, azken urratsa eman nahian heldu dira denboraldi amaierara.

Igoera fasea amets

Denboraldi hasieratik Fagor Professional Aloña Mendi izan da emaitza onenak lortu dituen taldea. Aitor Biain eta Mikel Agirrek gidatutako mutilak txapelketako oilarren taldean dira, Lehen Maila Nazionalerako igoera fasea jokatzeko bi txarteletako bat eskuratu nahian. Bigarren doaz, gaur-gaurkoz, sailkapenean.

Bolada ona eten zuten joan zen astean Errenterian; mingarria izan zen porrota, zortzi goleko abantaila izan zuten arren, esku hutsik itzuli zirelako Galtzarabordatik. Lau jardunaldiren faltan, lehia guztiak izango dira erabakigarriak. Lehena, bihar bertan: Basauri liderra hartuko dute Zubikoan (18:00). Porrotak bidea zailduko luke –Zarautz eta Elgoibar aurkari zuzenek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak asteburuan–; garaipenak, aldiz, ametsa urrats bat gertuago jarriko luke. Zernahi gerta ere, bere esku izango du txartela azken hiru neurketetan.

Itolarrian

Guztiz bestelakoa da Mugarri-Ingou Arrasateren eta Construcciones Ugarte Aloña Mendiren egoera. Arrasatearrak Gipuzkoako mailara jaisteko amildegiaren ertzean dira –Lehen Maila Nazionaletik izan daitezkeen jaitsiera gehigarriak aintzat hartu gabe–. Usurbil eta Escolapios dira Ane Herreroren mutilen aurkari zuzenak; zortzi puntu jokatzeko falta direnean, gutxienez bost puntu eskuratu behar dituzte arrasatearrek maila ez galtzeko. Bihar dute batzen hasteko lehen aukera Gasteizen, Limpiresol Corazonistasen kantxan (20:00). Halaber, aste honetan bertan galdu dezakete matematikoki maila, moreek galdu eta usurbildarrek zein bilbotarrek irabazten badute.

Egoera are makurragoan da Construcciones Ugarte Aloña Mendi. Txapelketa amaitzeko bost jardunaldi falta diren arren, bi neurketa soilik gelditzen zaizkie oñatiarrei. Lau puntura dute salbazioa, eta bi neurketak irabazteaz gain, bost eta hiru lehia falta zaizkien Ereintza eta Jarrilleras taldeek ez lukete puntu bakar bat ere batu beharko. Apirilaren 3ra arte berriz kantxaratuko ez diren arren, aste honetan bertan galdu dezakete matematikoki maila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak