Margolanak, zuzeneko musikarekin jantzita

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko mar. 11a, 16:38

Eñaut Zubizarretak, Iban Galanek eta Jon Garciak sortu dute Desitsatsi ekimen artistikoa. Argazkia: Iban Galan.

Iban Galan ilustratzailearen ideiatik abiatuta eta agertokian lagun dituen Jon Garcia  eta Eñaut Zubizarreta musikariak proiektura batuta sortu dute Desitsatsi ikuskizuna; bihar, zapatua, bi emanaldi egingo dituzte Irati Topagunean, 19:00etan eta 20:00etan.

Ikuskizun-erakusketa moduan definitzen du Iban Galan arrasatearrak Desitsatsi. "Kontzeptua zera da: zentzumenen aldetik kultura zelan jasotzen dugun erakustea; hortaz, aurrez egin ditudan lau margolan eramango ditut, eta ikuskizunean zehar banan-banan erakusten joango naiz, bakoitzari buruzko azalpenak edo istorioak kontatuta. Margolan bakoitza zentzumen batekin lotuta dago".

Iban Galan: "Kontzeptua zera da: zentzumenen aldetik kultura zelan jasotzen dugun erakustea"

Ilustratzaileak alboan ditu Jon Garcia (gitarra, sintetizadoreak) eta Eñaut Zubizarreta (biolon- txeloa) musikariak. "Koadro bakoitzarendako abesti bat egin dute, eta nire azalpenekin tartekatuko ditugu musika-une horiek. Aurrez prestatutakoak, edo, nolabait esanda, gidoian jasota dauden musika tarteak izango dira batzuk, eta musika tarte-inprobisatuak beste hainbat. Eskarmentu handiko musikariak dira biak ala biak eta euren konfort-gunetik atera dira; izan ere, musika eta soinu esperimentala egiten dute ikuskizunean".

Ikusleekin feedback zuzena

Bartzelonan bizi zela sortu zitzaion ekimena sortzeko gogoa, eta herrira itzulitakoan proposatu zion aspaldiko lagun duen Jon Garciari bere obren soinu banda sortzea. "Bakarkako erakusketak egin izan ditut, baina sentsazio hotz samarrarekin geratu izan naiz askotan. Erakusketetan, orokorrean, apenas egoten da ikuslearen eta artistaren artean harremanik, eta, horregatik, zerbait berezia egin nahi nuen ikusleengana gertu- ratzeko. Emaitzarekin oso pozik nago, hasierako nire ideia da oinarrian, baina Garciak eta Zubizarretak ondo jantzita. 45 minutu inguru dituen erakusketa bizi bat da".

Bi emanaldi bihar, zapatua

Iruñean izan zen aurrestreinaldia, bihar "etxean prestatuta erakusteko". Apirilean Eibarren izango dira eta ekainean, Bilbon.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak