52.500 euro inguruko gastua eragin dute kiskalitako edukiontziek

Uxue Igarza Loiola 2022ko mar. 9a, 17:03

Mankomunitateak azaldu duenez, abenduaren 23tik martxoaren 2ra bitartean, Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatzan 47 edukiontzi erre dituzte. Horrek sortu duen gastu ekonomikoa "oso handia" izan dela gehitu du, eta gogorarazi du edukiontziak herritar guztien artean erositakoak direla.

Azken bi hilabeteetan 32 edukiontzi erre dituzte Aretxabaletan, hamar Arrasaten eta bost Eskoriatzan.  Hori "ulergaitza" egiten zaiela azaldu dute Debagoieneko Mankomunitateko kideek: "Ez diogu inolako  zentzurik ikusten, eta kezka handiz bizi dugu. Kezkaz, suteek, edukiontziaz gain, aparkatutako ibilgailuak  eta inguruko eraikinak ere kaltetu izan dituztelako, eta pertsonen osasuna ere arriskuan jartzen dutelako. Kezkaz, egileen osasuna ere arriskuan egon daitekeelako, eta, noizbait norbait harrapatzen badute, duda barik ondorio penalak izango dituelako".  

Bestalde, gogora ekarri nahi izan dute edukiontziak eskualdeko udaletxe guztien artean erosten direla; hots, herritar guztien diruarekin. "Edukiontzi  erreketen kostu ekonomikoa oso handia izan da, 52.500 euro ingurukoa. Eta kalkulu horretatik kanpo  geratzen dira suhiltzaileen lanak, edukiontzi berriak jartzeko lanak, garbiketak…", zehaztu du Debagoieneko Mankomunitateak. Bukatzeko, eskatu dute berriro horrelakorik "ez errepikatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak