Martxoaren 8aren atarian, Gipuzkoako eta Euskadiko politikagintzan "bidea urratu duten" emakume politikari aitzindariak "euskal gizartearen eta berdintasunaren alde egindako ekarpena" ikusarazi eta aitortuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Haziak, euskal politikan aitzindariak izan diren emakumeak lelopean, Donostiako Antzoki Zaharrean egingo zaie aitortza kolektiboa, gaur bertan (18:30). Ekitaldira joateko sarrerak eskuragarri daude Aldundiaren atarian.
Joan zen astean egindako aurkezpen agerraldian haien lanak "utzitako arrastoa" azpimarratu zuen Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendari oñatiarrak: "Bakoitzak bere alderdietan, bere ibilbide politikoan, gizarte zein herri ordezkaritzan, kristalezko sabaiak hautsi dituzte". Ahalduntzearen garrantzia plazaratzeak eta ikusarazteak "berebiziko garrantzia" duela iritzita, Haziak deituriko ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute ekitaldi berean.
18 emakume
Euskal gizarteko alderdi eta mugimendu politiko desberdinetan aritu diren 18 emakume "bidegilek" eskaini dute testigantza dokumentalean. Ainhoa Novo EHUko Zientzia Politikoetako irakaslearekin solasean, maila pertsonalean bere lekukotasunak kontatzen dituzte protagonistek. Hona hitza hartzen duten emakume aitzindari guztiak:
- Inaxi Otegi: Gipuzkoako lehen emakumezko alkatea. Zizurkil. (HB).
- Mirentxu Etxeberria: Tolosako alkatea. (EAJ-PNV).
- Aurora Bascaran: Eibarko alkatea. (PSE-EE).
- Gema Zabaleta: lehen foru diputatua. (PSE-EE).
- Maria Jesus Aranburu: lehen foru diputatua. (EAJ-PNV).
- Begoña Amunarriz: lehen eusko legebiltzarkideetako bat. (EAJ-PNV).
- Mari Karmen Garmendia: sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea (EAJ-PNV).
- Arantza Quiroga: Eusko Legebiltzarreko presidentea (PP).
- Marta Mitxelena: lehen batzarkideak (EE).
- Bakarne Larrañaga: lehen batzarkideak (EAJ-PNV).
- Esther Larrañaga: Gipuzkoako BBNNetako lehen presidentea (EAJ-PNV).
- Ana Miranda: lehen senataria eta Europako parlamentuko diputatua (PSE-EE).
- Ana Urchueguia: Lasarte-Oriako alkatea (PSE-EE).
- Maria Jose Usandizaga: Donostiako zinegotzia diktadura osteko lehen legealdian eta Espainiako Kongresurako hautagaia (UCD/PP).
- Maria Pilar Larreina: Donostiako gestorako alkateordea.
- Lola Arrieta: Donostiako gestorako zinegotzia (Alderdi Komunista exekutibako kidea).
- Anttoni Nazabal: Zaldibiako zinegotzia lehen legealdian (HB).
- Kontxu Yarza: Hernaniko Udalean Lasarteko zinegotzia (HB).