Egiari zor, Gasteiztik iritsitakoak izan dira zikloturista gehienak; Dorletako Ama estimu handitan dute, bistan denez. Leintz Gatzagako txirrindulari elkarteko Joxerra Agirreurretak astean zioen Vitoriana klubeko 200 lagun inguru espero zituztela, eta hala gertatu da, euren elastiko larrosa izan da eta denetan gehien nabarmendu dena. Arabako hiriburuko beste hainbat taldetako kideak ere etorri dira, ordea.
Debagoienekoei dagokienez, Arrasateko eta Bergarako taldeetakoak. Lokatzako zikloturistek 09:00etan zuten hitzordua, plazan. Dozena bat lagun elkartu dira, eta giro ederrean egin dute Arlabanera arteko bidea, eguraldia ere nahikoa lagun, euririk, behintzat, ez du-eta egin.
Behin iritsita, saldatxoa, ama birjinari lora sorta utzi, argazkia, eta behera. Behera, baina gaurkoa egun berezia izaki –denboraldi hasiera ofiziala–, Tartufo jatetxean egin dute azken geldialdia, hamaiketakorako.
Goiena telebistak biharko Harmailatik saioan eskainiko du gaurko irteerarekin grabatutako erreportajea, 21:30ean eta 23:30ean.