'Askatu', Isaias Carrascoren erailketatik abiatutako eleberria, aurkeztu dute

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko mar. 4a, 22:13

Liburuaren egilea –ezkerretik, hirugarrena–, Isaias Carrasco zenaren senideekin.

Astelehenean dira hamalau urte ETAk Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi ohi sozialista erail zuela, eta gertaera hura eta ordutik gaur egunera arteko urteak eta egoera oinarrian dituen nobela aurkeztu du Antonio Lara Ramos historialari eta idazle andaluziarrak Kulturaten: Askatu. Portal numero seis.

"Ni zinegotzi sozialista izan nintzen Granada hiriburu alboko herri txiki batean, eta Isaias Carrasco zinegotzi izan zen garai berean izan nintzen neu ere hautetsi. 2008ko martxoaren 7an entzun nuenean Arrasateko zinegotzi sozialista bat erail zutela, bereziki eragin zidan. Egoera harekin eta Isaiasekin identifikatu nintzen", adierazi du Larak aurkezpenean. 

Semea zuen hemen lanean ibilia, eta haren eta neskalagunaren arteko maitasun istorioa ere, fikzionatua, jasotzen du nobelak. Dokumentazio lana egiteaz gain, nobela idazteko sarri etorri izan zen Lara Andaluziatik Arrasatera: "Hiri honetako txoko denetan ibili naiz. Oharrak hartu ditut, plaza batean jarrita egon naiz, jendearen joan-etorriak eta elkarrizketak behatzen...". Horrela, autoreak egiazkotasun kutsua eman nahi izan dio lanari. 

Liburuaren aurkezpen ekitaldian halako lanen garrantzia nabarmendu du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako sozialisten buruak, gazteek, adibidez, gertatu zenaren berri izan dezaten. Isaias Carrasco zenaren etxekoek ere pozik hartu dute liburua: "Denbora bat bada Antoniok idatzi zidala esanez liburu bat egin zuela hemen gertatzen zenari buruz. Eta badut irakurtzeko gogoa, berari entzun eta gero nola sortu zitzaion ideia eta egin duena jakinda, gogo handiagoa dut", zioen Sandra alabak.

"Beste ikuspegi bat espero dut. Berak esan duen bezala, hemen oso ikuspegi desberdina dugu, desberdin bizi izan dugu gertatutakoa. Harritu ninduen eta gustatu zitzaidan liburua idazteko ideia. Gurekin harremanetan jarri zen gure ikuspegia ezagutzeko, eta guri gustatu zitzaigun ideia", Ainarak, beste alabak.

Beste hainbat senide, ordezkari sozialista eta lagunak, eta hainbat herritar izan dira Kulturateko ekitaldian.

Erlazionatuak

'Askatu' nobelaren aurkezpena, argazkietan

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022 mar 04 Arrasate

Ainara eta Sandra Carrasco, liburuari buruz

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022 mar 04 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak