Elkarretaratzeak, Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatuz

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 4a, 13:49

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deituta, Ipar Euskal Herriko ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidearen aldeko elkarretaratzeak egin dira Euskal Herrian. Bailarako ikastolak ere batu dira "elkartasun eta babes" aldarrira, eta goizean Arrasaten, Aretxabaletan zein Eskoriatzan batu dira; arratsalderako zuten jarrita hitzordua Bergaran eta Oñatin.

Ipar Euskal Herriko ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidearen alde, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako ordezkariekin eta Azterketak Euskaraz! kolektiboarekin batera, elkarretaratzeak deitu zituen gaurko. Brebeta –Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran egin beharreko azterketa– eta Baxoa –Batxilergo amaieran egin beharreko azterketa, selektibitatearen parekoa– euskaraz egin ahal izatea izan da aldarrikapenen muina.

Ikastolen Etxean egindako prentsaurrekoan adierazi zutenez, ikasleen eskubide urraketak eta desobedientzia zibileko ekintzak egin dituzten irakasleen zigorrak ez dira Seaskako "komunitatearen aurkako erasoa" bakarrik; hots, Frantziako Hezkuntza agintarien erabakiek "euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa" dela uste dute, "ikastola mugimendu guztiaren aurkako erasoa", alegia.

Erakundeei, alderdi politikoei zein eragile sozialei ere egin zieten aipamena, ikastola guztiak "eraso honi aurre egiteko bat eginda" daudela adieraziz eta beraien erantzukizuna aldarrikatuz.

Bailarako erantzuna

Ikastolen Elkarteak egindako deialdiari erantzunez, hainbat elkarretaratze egin dituzte Debagoieneko ikastoletako ikasle zein irakasleek. Arizmendi Ikastolako ikasle eta irakasleak Arrasaten, Aretxabaletan zein Eskoriatzan bildu dira. Hona zenbait argazki.

Arizmendi Ikastolako Arimazubi, Gazteluondo eta Olarte guneetako irakasleak, Arrasateko Plazan. (Argazkia: Goiena)

Arizmendi Ikastolako Gaztelupeko ikasleak, Sebero Altube plazan. (Argazkia: Arizmendi Ikastola)

Arizmendi Ikastolako Almen guneko ikasleak, Eskoriatzako plazan. (Argazkia: Arizmendi Ikastola)

Arizmendi Ikastolako Almen guneko ikasleak, Aretxabaletako plazan. (Argazkia: Arizmendi Ikastola)

Arizmendi Ikastolako Santa Teresa guneko irakasleak, ikastola atarian. (Argazkia: Arizmendi Ikastola)

Bergara eta Oñati

Arratsaldean heldu zaie bergarar eta oñatiarrei txanda; 17:00etan hasi da elkarretaratzea Aranzadi Ikastolan, eta 16:45erako egin du deialdia Txantxiku Ikastolak, Bigarren Hezkuntzako eraikinaren aurrean.

Txantxiku Ikastolakoak, ikastetxe aurrean.

Aranzadikoak, Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak