Euskadiko 'First Lego League' txapelketaren finala, zapatuan Arrasaten

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 3a, 16:43

2021eko txapelketako finaleko une bat. (Argazkia: Goiena)

6 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako First Lego League txapelketaren finala jokatuko da martxoaren 5ean, zapatua. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta, aldi berean hiru espaziotan egingo dute ikasleek azken erronka; tartean, Arrasateko Mondragon Unibertsitatearen egoitzan. Irabazleak sareko zuzeneko emisio bidez jakinaraziko dira, 17:00etan.

Zapatu goizeko 9:30etan ekingo diote Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ia 1.000 ikaslek First Lego League txapelketaren azken erronkari. Hain zuzen, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako lehiaketaren 13. edizioaren finala jokatuko da, hiru egoitzatan aldi berean: Bilboko Deustuko Unibertsitatean, Donostiako Tecnumen eta Arrasateko Mondragon Unibertsitatean.

"Haurren eta gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea" helburu duen nazioarteko hezkuntza-programa bat da First Lego League, eta 970 gaztek hartu dute parte aurten erkidegoko lehiaketan. Ondasun eta merkantzien garraioa berritzea izan da sei hilabetez esku artean erabili duten erronka.

Bi hitzordu finalaren bueltan

Parte-hartzaileak 09:30etatik 14:00etara lehian arituko diren arren, beste bi hitzordu aipagarri utziko ditu zapatuak. Lehena, erakundeetako ordezkarien bisita; 11:00etan, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea eta Leire Mugerza Mondragon Corporationeko Biltzarreko presidenteak, besteak beste, lehen pertsonan ezagutuko dituzte gazteen lanak.

Bestetik, eta finala hiru gunetan jokatuta, sare banaketa modu birtualean egitea erabaki dute antolatzaileek. 17:00etatik aurrera ezagutuko dira aurtengo lehiaketako irabazleak, Innobasqueren YouTubeko kanalean egingo duten sari banaketa ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak