Badator 'Galdegazte 8': bailarako gazteak, kazetari izateko prest!

Aitor Agiriano Arrese 2022ko mar. 2a, 11:09
Paulo Azpiazu Txantxiku ikastolako ikasleekin eta Jokin Bereziartua saioko aurkezlearekin platoan.

Saioaren zortzigarren denboraldia estreinatuko da gaur eta Paulo Azpiazu fitness entrenatzailea elkarrizketatuko dute Txantxiku ikastolako ikasleek. Hala, eguaztenero, 21:30ean eta 23:30ean, bailarako kazetari gazteekin hitzordua izango da Goiena telebistan.

Debagoieneko 14 eta 17 urte arteko ikasleak prest eta gogotsu daude Galdegazte saioaren beste edizio bati hasiera emateko. Bailarako ikastetxeekin eta Mankomunitatearekin sustatutako elkarlanaren emaitza ikusiko da gaurtik hala Goiena telebistan.

Guztira, hamar ikastetxek parte hartuko dute eta horietako bakoitzeko sei ikaslek gidatuko dute saio bakoitza. Oraingoan ere, Jokin Bereziartua izango dute bidelagun haize berria ekarriko duten gaztek. Aurreko aldietan bezala, telebista saio baten grabaketaren atzean dagoena ikusi, ikasi eta gozatuko dute platoan bertan kamera aurrean jarriko diren ikasleek eta baita errealizazio-gelatik grabaketa jarraituko dutenek ere.

Gustuko gonbidatuak

Ikasleek aukeratuko dute nor elkarrizketatu nahi duten, eta eurek hartuko dute elkarrizketaren pisurik handiena. "Kirolariak eta kultura arloko ospetsuak izan ohi dira gazteei gehien interesatzen zaizkien arloak, baina denetarik izan dugu aurreko zazpi edizioetan. Aurten, adibidez, Paulo Azpiazu fitness entrenatzaile bergararra izango dugu lehenengo gonbidatu saioan. Jarraian etorriko dira Asier Urzelai Binbi eskoriatzarra, Paula Amilburu bertsolari aramaioarra, Larru Beltzak taldeko Naiara Urzelai eta beste asko", aurreratu du Jokin Bereziartua saioaren aurkezleak.

Berrikuntzak ere bai

Sasoi berriarekin aldaketak etortzen dira, eta Galdegazte-n ere izango dira: "Pandemiak eragin digu hamaika buruhauste prestatze lanetan, baina saiakera egin eta indarberrituta gatoz, gogotsu". Hala, aldaketen artean, ikasleek saioan bertan bestelako kazetaritza lan batzuk ere egin behar izango dituztela adierazi du Bereziartuak: "Euren ikastetxeko komunitatean zabaltzeko modukoa izango den lana ezarriko diegu aurten. Esperimentu bat izango da, ziur nago ederto irtengo dela!".

Esperientzia aberasgarria

Ikasleek eta saioko aurkezleak argi dute esperientzia emankorra, interesgarria eta aberasgarria dela: "Urtez urte frogatzen dugu ikasleek gozatu ederra hartzen dutela. Saioaren amaieran begietan izaten duten distira eta ahoan duten irribarrea ikustea besterik ez dago. Bestalde, pribilegiatu sentitzen naiz gonbidatu oso interesgarriak aurrez aurre ezagutzeko aukera izatearekin. Eta, zergatik ez: gazte sentiarazteko aitzakia ederra ere bada. Gora Galdegazte!".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak