Erabiltzaileek Abiatu gailua aurrez aurre eskatu ahal izateko, ibilgailuaren matrikula banku-txartel batekin lotzeko eta zalantzak argitzeko, Beasain eta Bergara lotzen dituen A-636 errepideko bidesariaren inguruko informazio-kanpaina jarri zuen abian Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020ko urrian. "Autobidetik gertu dauden eta teleordainketarako gailurik ez duten" biztanleak izan dituzte helburu.
Urriaren 25etik, Goierriko, Urola Garaiako eta Debagoieneko hainbat herritan eskaini dute zerbitzua. "Izandako erantzun ona medio eta jasotako deien aurrean", zerbitzua luzatzea eta zabaltzea erabaki dute; hots, herri gehiagotan egongo da bidesariaren inguruan informazioa jasotzeko aukera gaurtik martxoaren 31ra bitarte. 14 herritan 19 arreta data jarri dituzte, tartean, Arrasaten eta Oñatin.
- Arrasate - Martxoak 3 eta 23 (9:30-13:30 eta 15:00-19:00): Bezeroen Arreta Zerbitzuan (BAZ).
- Oñati - Martxoak 9 eta 25 (9:30-13:30 eta 16:00-20:00): Kiroldegiko bilera gelan.
Zerbitzua, datutan
Aldundiak ohar bidez adierazi duenez, urriaren 25etik otsailaren 18ra arte 8.173 herritar artatu dituzte Bidegiko arreta zerbitzuek, horietatik 68 modu presentzialean. Orotara, 3.786 eskaera egin dira Abiatu eskuratzeko, eta beste 954 gidarik, aldiz, matrikula kreditu txartelari lotzea erabaki dute.