Arianne Kareaga: "Paradigma aldaketa egiteko bokazioa badago, baina praktika gehiago falta da"

Miren Arregi Amasorrain 2022ko mar. 3a, 13:18

Ekintzailetza sozialaren eta kooperatibagintzaren inguruan dihardu lanean Arianne Kareagak, Lankiko ikertzaile eta KoopFabrikako koordinatzaile gisa duen jardunetik.

Ekimen kooperatiboak eta lurraldetasuna. Biak izan zituzten hizpide otsailean KoopFabrikak antolatuta Arantzazulaben egin zuten jardunaldian. Kataluniako eta Euskal Herriko esperientziak partekatu zituzten bertan. Arianne Kareaga da KoopFabrikako koordinatzailea.

Zer moduz otsailaren 18ko jardunaldiak?

Oso pozik gaude izandako erantzunarekin. Jende askok hartu zuen parte jardunaldietan eta online ere askok jarraitu dituzte. Landutako harremanekin lotuta ere oso pozik gelditu ginen. Jardunaldiak egubakoitzean izan baziren ere, bi egun lehenago etorri ziren kataluniarrak gurera eta esperientziak elkartrukatu zituzten hainbat eragilerekin: Nafarroako Gobernuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Errenteriako Udalarekin, Fagorrekin, Mondragonekin, D2030ekin... Aberasgarria izan da, zalantza barik.

Kataluniako ekintzailetza sozialaren eta gurearen arteko desberdintasunak zeintzuk dira?

Hasiko nintzateke antzekotasunetatik. Ekonomia soziala edo ekintzailetza soziala kooperatibismotik eta kooperatibak eratzetik ulertzen dugu bai han eta baita hemen ere. Gainera, lurraldeen aniztasunak ere antzerako kasuistikak ematen dizkigu. Desberdintasuna izan daiteke han azken urteetan erakunde publikoetatik dagoen babesa ekintzailetza sozial horren sustapenerako. Hemen ere egon badago, baina askoz ere txikiagoa da eta ez da lurralde osoan zabaltzeko estrategia baten barruan egiten.

"Ekintzailetza sozialaren sustapenerako babes handia dago Katalunian"

Nola egiten dute, bada?

Generalitatetik lurraldea 14 zatitan banatu eta bakoitzean Ateneu Cooperatiu delakoak sortu dituzte. Lurraldez lurralde dauden eragileak dira protagonista Ateneu horietan. Alegia, erakunde publikoak ipintzen ditu baliabideak eta benetan sustatzen dutenak dira ehun kooperatiboko tokian tokiko eragileak. Aurrekontua itzela da, eta apustu politikoa oso esanguratsua. Orain, ekonomia sozial eta solidarioko lege bat sortzen ere badabiltza.

Zein garrantzi du gurean arlo publikoak ere apustu hori egitea?

Euskal Herrian badaude lan egitea eta bizitzea oso zaila egiten den lurraldeak. Ehun kooperatibo sendorik ez dagoen tokietan laguntza publikoa behar da horren aktibaziorako.

Ekintzailetza soziala, zergatik eta zertarako?

KoopFabrikatik sustatzen dugu ekintzailetza sozial kooperatiboa jendeak bere bizitzak modu autoeratu eta kolektiboan antolatzeko. Lana erdigunean egotea eta lanaren burujabetza praktikatzea inportantea da. Gainera, tokiko ekosistema kooperatiboak sortzeari ere garrantzi handia ematen diogu. Azken batean, ez izatea kooperatiba isolatuak, baizik eta lurraldean txertatuak eta lurraldearen motor izatea. Ekintzailetza sozial eta kooperatiboa komunitatea antolatzeko modua izan daiteke.

Zer da Debagoiena ekintzailetza sozialean? Motorra da? Aitzindaria da?

Esango nuke baietz. Esango nuke badagoela azken hamarkadetan sortutako autoeraketaren kultura eta praktika oso bat eremu desberdinetan. Arrasateko kooperatibak dira horren erakusgarri, baina harago ere badaude beste esperientzia batzuk; esaterako. Goiena bera, Emun... Elkartegintza eta herrigintzarako hauspo bat badago. Egia da Euskal Herri osoan dagoen zerbait dela, baina hemen antolatzeko gaitasun eta praktika hori oso esanguratsua da.

"Tokiko ekosistema kooperatiboak sortzeari garrantzi handia ematen diogu"

Beste eskualdeetan ere badabil indartzen praktika hori?

Nik uste dut Gipuzkoan bertan ere badagoela kultura hori. Kontua da horren artikulazioa dela garrantzitsua. Kooperatiba edo ekimen sakabanatuak izan barik, euren arteko erlazioak
beharrezkoak direlako. Eta
hori da, hain zuzen, D2030ek bilatzen duena. Ekimen asko daude, baina ez dauzkagu horiek saretuta, eta hori bultzatzera dator, besteak beste, D2030. Nik uste dut hori falta dela, bereziki.

Arlo publikotik nola indartu daiteke ekintzailetza sozial eraldatzaile hori?

Lankidetzazko gobernantza praktikan ipintzea izan daiteke bide bat. Alegia, administrazio publikoa jartzea lurralde bateko pertsonen eta beharren zerbitzura. Azken finean, hamarkadetan eraiki duen logika ertsi hori eraldatu behar du administrazio publikoak, eta beste eredu batzuen alde egin.

Uste duzu eredu aldaketa hori etorriko dela?

Uste dut diskurtso mailan badagoela ulermen hori. Alegia, erronkei eta gizarte aldaketei lotutako desafioei bakarrik ezin diegula aurre egin. Hor daude Arantzazulab, Debagoiena 2030... Gertatzen dena da praktika falta dela. Hamarkada askotan eraiki dena ezin da egun batetik bestera aldatu eta ulertu behar dugu oso arnas luzeko prozesuak direla, ikasi eta desikasi behar dela asko. Paradigma aldaketa baterako bokazioa badagoela esango nuke. Ulertu behar dugu sakoneko aldaketa baten bila goazela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak