Antzuolako elkarretaratzean adierazi zutenez, atzo bete zen hilabete A-636 autobidean, Beasain eta Bergara artean, peajea ezarri zutenetik eta "jada gutunak iristen hasi dira etxeetara bidesaria ez ordaintzeagatik". Salatu zutenez, "bizitzaren garestitzearen beste adibide bat" besterik ez da: "Bide horretan agerikoa da gure bizitzen arlo guztietan ematen ari den garestitzea, izan etxebizitzan, izan elikagaietan, izan gasolinan... Zentzu horretan borroka partzial hauek aurrera eramatea beharrezkoa dela deritzogu, hala ere, borroka partzial hauek osotasunari ekarpena egin beharko lioketela uste dugu".
Peajearen aurkako borrokak "indarrak metatu eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten eraikuntzan ekarpena" egin behar duela adierazi zuten: "Gaixotasuna sendatu ezean, ez dagoelako sintomen aurka egiterik. Gainera, uste dugu honek sortuko dituela doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den garraiorako baldintzak".
Era berean, bihar Goierriko Kontseilu Sozialistak Beasainen deitutako manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatu diete herritarrei. Bideluze plazatik abiatuko da, 18:00etan.