Domekan 300 mendi lasterkari batuko dira Antzuolako 8 Miliak lasterketako irteera puntuan. Antolatzaileek lasterketa beste urte batzuetan moduan antolatu dute –bederatzigarren edizioa izango da–, hau da, ez da egokitzapen zorrotzik egongo, baina hori bai, irteeran eta helmugan korrikalari eta jende gehien batzen den unean atletei musukoa eramatea eskatuko diete. 10:30ean hasiko dute lasterketa, eta ibilbideari dagokionez ere ez da aldaketarik egongo, ohi moduan, 13,83 kilometroko ibilbidea eta 836 metroko desnibel positiboa izango du lasterketak. Herriko Plazan hasi, Irimora igo, Trekutzetik igaro eta hasitako tokian amaituko da A8M taldeak eta Antzuolako Udalak antolatzen duten lehia.
Ekintzak egongo dira herrian
Lasterketak irauten duen bitartean hainbat ekintza antolatu dituzte herria girotzeko. 11:00etan haurrendako minimoto lasterketa egingo dute, eta hamaiketakoa egongo da gero.