Eibartarrak bosgarren postuan dauden debagoiendarrak baino 11 puntu gehiagorekin aurkeztu dira Mojategin, egitekoa ez zen erraza, beraz, etxekoentzat. Lehen zatian ondo eutsi diote partiduari: "Kontrolpean izan dugu aurkaria, baina zorigaiztoko jokaldi batean jarri dira beraiek aurretik", adierazi du Ezkurrak. Markagailua huts eta batean zegoen atsedenaldian aldagelarako bidea hartu dutenean.
Bigarren zatiko hamargarren minutuan bi goleko errenta eskuratu dute bisitariek. Orduan iritsi da Leintz Arizmendikoen erreakzioa. 30 metroko jaurtiketa egin du June Pascualek, atezainaren harridurarako, eta baloiak sareetarako bidea hartu du. Berdinketa lortuko zutela sinetsita zeuden bailarako ordezkariak, baina azken minutuetan liderrak bere legea inposatu du Mojategin, bi kontraerasotan bi gol sartuta.
Bergarak eta Leintz Aloñak, garaipena
Ohorezko erregional mailako beste ordezkariak Tolosari egin zion bisita atzo arratsaldean. Mahoneroak sailkapenaren erdialdean kokatuta aurkeztu ziren jaitsiera postuetatik aldendu nahian dabilen taldearen aurka. Kanpoan etxean baino dezente hobeto moldatzen direla erakutsi zuten beste behin bergararrek, denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu baitzuten Tolosaren kontura, 0-2 irabazita.
Koxka bat beherago, Gorengoen mailako Kopan jokatzen duen Leintz Aloñak ere atea hutsean mantenduta eta bi gol sartuta irabazi du asteburuan Azkoagainen. Liderrari, Usurbili irabazi diote, eta dagoeneko bi puntura gerturatu dira sailkapenean, fase honetako lau partidu jokatu ostean.