Andoni Altubek eta Unai Gilek lehenengo zatian egindako bi golek abantaila polita eman diote talde oñatiarrari. Norgehiagoka hasi eta 7 minutu behar izan ditu Endikaren taldeak gola egiteko; Carlos Odriozolak Aloñakoen erasoaren eskuin aldetik erdiraketa ona egin du, eta bigarren zutoinean, gazte mailako jokalari Andoni Altubek, bakar
bakarrik, baloia sareetara bidali du (1-0). Bost minutu geroago, Unai Gilek atzelariei baloia lapurtu die, eta atezainik gabe zegoen atera baloia bultzatu besterik ez du egin (2-0). Oñatiko aurrelaria, ohi moduan, hustu egin da berdegunean, baina gaur, gainera, birritan asmatu du kontrarioaren ate aurrean.
Momentu horretan Andoaingo taldeak ez zuen ezer galtzeko, eta euren merituz, eta Aloña Mendikoek pauso bat atzera egin dutelako, jokoa oñatiarren zelai erdira mugatu da. Euskalduna estutzen zebilen, eta 35. minutuan etorri da kanpotarren gola (2-1). Bazirudien lehenengo zati amaiera luzeegia izan behar zela oñatiarrendako, baina joko-sistema aldatu (4-2-3-1; Unai Gil gizon aurreratu moduan) eta hor erosoago ibili dira txantxikuak.
Bigarren zatian Euskalduna ez da halako amorruz zelairatu, eta oñatiarrak, ordea, partiduaren kontrola errekuperatzeko gogoz irten dira. 60. minutuan, Joseba Larreak ondo presionatu du Euskaldunakoen atzealdea, baloia lapurtu du, eta Unai Gili pasea eman dio; gaur Gil ez zegoen ezer barkatzeko (3-1). Gaur, bereziki, kontrarioaren atzeko lerroari estutzeak urrea eman dio talde oñatiarrari. Bazirudien zailena eginda zegoela, baina hor ere amaitu dute gaur txantxikuek, alegia, azken minutuetan Euskalduna hutseratu egin dute, erreakzionatzeko gaitasun guztiak indargabetuz.
Gainontzeko emaitzak
Kategoria horretako gainontzeko emaitzei dagokienez, Aretxabaletak eta Mondrak galdu egin dute etxetik kanpora. Arrasatekoek 2-0 Oiartzunen zelaian, eta Aretxabaletakoek 2-0 Añorgan. Bergara da txanponaren beste aldea, mahoneroek 3 puntu garrantzitsu eskuratu dituzte-eta Ordizian (0-1). Emakumezkoen ohorezko erregional mailan, berriz, Bergarak 0-2 irabazi dio Tolosari. Leintz Arizmendi eta Tolosa, berriz, gaur arratsaldean (17:30) ziren jokatzekoak.