Badatoz poliki-poliki pista estaliko denboraldiko hitzordurik garrantzitsuenak, eta marka pertsonaletara gerturatzen joateko ordua da. Hala, asteburuan jokatu duten Iberdrola Kopan, emakumezkoen pertika saltoan ez dira, bereziki, beste batzuetan bezain ondo ibili, ez da marka nabarmenik egon –pertikan–. Malen Ruiz de Azua izan da onena (4,15), eta puntu baliotsuak eman dizkio Kopa irabazi duen –26. aldiz– Valentzia taldeari, baina hitzorduak zapore gazi-gozoa utzi dio arrasatearrari, Jonathan Perez entrenatzaileak GOIENAri azaldu dion moduan: "Inoiz baino hobeto dago Malen, baina saltoa egin aurreko lasterkaldian arazorekin gabiltza, hori zorroztea falta zaigu. Bi aste geratzen dira Espainiako Txapelketarako, eta badugu zuzenketa horiek egiteko astia".
Maialen Axpek, berriz, Atletico San Sebastian taldea ordezkatuz egin zuen salto, eta Bedoñakoak 4 metroko marka egin zuen. Hala, laugarren sailkatu zen Monica Clementeren (4,10) eta Miren Bartolomeren atzetik (4).