Gipuzkoako alzheimer gaixoak eta haien senitartekoak biltzen dituen elkartea da AFAGI, eta estimulazio kognitiboko tailerra antolatu dute. Arrasaten egingo dute astelehenetan eta eguaztenetan, 11:00etatik 12:30era, eta bideratuta dago narriadura kognitibo arina, alzheimer gaixotasuna edo hasierako fasean dauden beste dementzia batzuk dituzten pertsonei. "Estimulazio kognitiboak gaitasun funtzionalari mesede egiten dio eta autonomia sustatzen laguntzen du, harreman pertsonalak aberastuz eta bakartze soziala ekidinez", azaldu dute AFAGItik.
Gaixoen bizi kalitatea hobetzeko eta narriadura moteltzea ditu helburu tailerrak. Hala, funtzio kognitiboak –oroimena, lengoaia, arreta, orientazioa...–, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak –garbiketa pertsonala, elikadura...–, jarduera instrumentalak –diruaren erabilera, telefonoaren erabilera...– eta gizarte-harremanak indartzeko eta mantentzeko ekintzak egingo dituzte.
Tailerra uztailera arte luzatuko da, eta azken plazak gelditzen dira libre. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute; izan ere, garrantzitsua da hasi aurretik AFAGIko talde profesionalak balorazio bat egitea. Idatzi ahalik eta lasterren afagi@afagi.eus helbide elektronikora edo deitu 943 29 71 18 telefono zenbakira.