Azken bi urtetan lasterketa bertan behera egon eta gero, datozen egunotan jokatuko dute Omango Tourra. Lasterketa UCI Pro Series-en parte da eta ASOk antolatzen du. Hala, talde laranjak errepidean maila ona erakutsita eskertu nahi du gonbidapena jaso izana. Lasterketan 18 taldek parte hartuko dute, zazpi WorldTourrekoak, bederatzi ProTeam kategoriakoak, talde kontinental bat eta Omango selekzio nazionala.
Seigarren denboraldia profesional modura
Bada, Julen Irizar da talde laranjak Omanerako aukeratutako ziklistetako bat. Bergararrak (26 urte) seigarren denboraldia hasi du profesional modura eta iaz gozatu ez zuena gozatu nahi du aurten. Bestela ere urte garrantzitsua da Bergarakoarendako, kontratua amaitzen duelako. Baina, horregatik itsutu baino, bizikletaz gozatu eta benetako maila erakustea da gura duena. Hori eginda, bestelakoak etorriko dira. Hasteko, urtarril amaieran Mallorcako Itzulian ihesaldietako saltsan ibili zen.