Jokalari bergararrak denboraldi hau amaitu eta beste bat egingo du, oraingoz, talde berrian. Errioxako hiriburura joan den astera iritsi zen, eta ordu batzuetara Madrilen zen taldearekin, 90 minutuak jokatzen. Amorebietan jokatzearekin batera, baina, Bergarako gazte mailako taldean entrenatzaile laguntzaile lanetan zebilen, eta oraingoz ezingo du zeregin horretan jarraitu.
Zelan hartu dute Bergaran entrenatzen zenituen gazteek taldea utzi behar izatea?
Eguaztenean izan nintzen eurekin Agorrosinen, bai, agurtzea tokatzen zen. Hori izan da Logroñesko eskaintza onartzerakoan pena handiena eman didan gauzetako bat, gazte mailako taldea utzi behar izatea. Bigarren entrenatzaile nengoen, aste barruko entrenamendu saioetan laguntzen. Amorebietan denboraldi hasieran ikusi nuen entrenamenduak goizez izango nituela eta arratsaldeetan libre egongo nintzela. Bergarako kirol zuzendariarekin egin nuen berba, laguntzeko prest nengoela esateko. Egia da kanpoko partiduetara ezin izaten nintzela joan, nik nire partidua izaten nuelako, baina etxekoetan egoten ahalegintzen nintzen.
Eta? Zer-nolakoa izan da entrenatzaile izandako lehen esperientzia?
Oso ona, zorte handia izan dut, izan ere, oso talde ona izan dugu, gazte jatorrak dira. Aurreko jardunaldian lehenengo postuan zeuden, baina asteburuan galdu egin dute. Bai, pena eman dit taldea uzteak.
Gehiago errespetatzen dute elitean futbolean jokatzen dabilen hori?
Esango nuke baietz, badakite futbol jokalaria zarela, eta entrenamenduan esaten duzun horrek pisu handiagoa du. Hasieran, behintzat, gero harremanak normalizatzen joaten dira.
Bueno, entrenatzaile modura izan duzu lehenengo esperientzia...
Bai, eta ez dakit futbol ibilbidea amaitzerakoan zer egingo dudan, baina seguru futbolarekin harreman estua izaten jarraituko dudala. Izugarri gustatzen zait futbola.
Etor gaitezen Logroñesen fitxaketara. Zer dela-eta erabaki duzu taldez aldatzea? Amorebietan, Bigarren A Mailan, 15 partidu jokatu dituzu, izan dituzu minutuak.
Bai, baina, bereziki, denboraldi hasieran jokatu nuen asko. Gero, abendutik hona uste dut partidu bat jokatu dudala, eta neguko merkatuan taldeak ahalegina egin du jende ona ekartzeko, fitxaketa entzutetsuak egin dituzte. Konturatzen zara jende hori minutuak jokatzera etorri dela, eta Logroñesen eskaintza jaso nuenean baiezkoa eman nien.
Zer-nolakoa izan da Amorebietan egindako egonaldia?
Oso ona izan da, oroitzapen onak gordeko ditut. Amorebietara iritsi nintzenean ez nuen uste horrenbeste denborarako izango zenik, eta ezta ere mailaz igotzeko moduko esperientzia biziko nuenik. Oso gustura egon naiz bertan.
Logroñosen eskaintza onartzeko orduan, zer baloratu duzu gehien?
Etxetik gertu egotea kontuan izan dut, jaiegunetan Bergarara etor naiteke lasai asko. Baina, horrekin batera, Logroñes talde serioa da, klub zorrotza eta exijentzia maila handia duena, eta hori gustatzen zaigu guri. Hiriburu bateko kluba da, eta hori igarri egiten da zale kopuruan. Azken baten, klub historiko bat da, play-off-etarako sailkatzeko helburua duena, eta aukera ona zela iruditzen zitzaidan.
Eta zer moduzkoa izan da klub berrirako saltoa?
Oso ona. Egubakoitzean taldearekin entrenatu nintzen eta asteburuan Madrilen izan dugu partidua, Sanseren kontra [San Sebastian de los Reyes]. Entrenatzaileak esan zidan, akaso, marroi bat zela iritsi eta berehala hasierako hamaikakoan jartzea, baina ezetz esan nion, jokatzeko prest nengoela [1-1].
Iritsi eta jokatu, ez da ohikoena.
Bueno, zorte apur bat ere izan dut. Hain justu ere, taldekideek hainbat partidu izan dituzte denbora tarte txikian, eta entrenatzaileak zenbait aldaketa egin zituen eta fresko geundenak jarri zituen hamaikakoan, besteei atseden emate aldera. Baina gustura geratu nintzen egindako partiduarekin, bai.
Dagoeneko egokitu zara hirira?
Ez; pisu bila nabil. Arratsaldean bertan noa beste pisu bat bisitatzera. Egia esan, badut gogoa leku eroso bat aurkitu eta arropak maletetatik ateratzeko. Hiriburua ere ez nuen askorik ezagutzen; hortaz, horiek egiteko gogoz nago.