'Altsasu': gertakariak besteko antzezlan gordina

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko ots. 4a, 13:32

Ane Pikaza, Nagore Gonzalez eta Aitor Borobia, Altsasu Amaia antzokian antzezten.

La Dramatica Errante konpainiak urrian estreinatutako antzezlana eskainiko du bihar, zapatua, Bergaran, Seminarixoan, 20:00etan; Oñatiko Santa Ana aretoan, berriz, domekan, 19:00etan; Aitor Borobia Bergarako aktorea taularen gainean izango da.

Izenburuak adierazten duen moduan, Altsasuko Koxka tabernan bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarrak eta ondoren etorri ziren atxiloketak eta epaiketa dira Bilboko antzerki konpainiaren istorioaren oinarri, nahiz eta antzezlaneko zuzendari Maria Goirizelaiak fikzio bat sortu dutela azpimarratu duen. "Ahozko epaiketaren transkripzioa izan zen gidoia idazteko abia- puntua, baina hainbat moldaketa egin ditugu, kontakizuna sinesgarriagoa izateko; adibidez, kartzelan dauden gazteek euren familiakoekin eta lagunekin dituzten elkarrizketak sortu ditugu, eta guardia zibilen eta euren bikotekideen arteko maitasun istorioak ere gaineratu".

Aktoreen lana, muina

Egoitz Sanchez, Nagore Gonzalez, Ane Pikaza eta Bergarako Aitor Borobia aktoreak daude taularen gainean, eta hogei pertsonaia antzezten dituzte. "Altsasuko gazte bat, guardia zibil bat, aita bat, tabernari bat eta lekuko bat naiz ni. Ordu eta berrogei minutu ditu antzezlanak eta ez gara agertokitik ateratzen, une oro bertan gaude, pertsonaia eta arropa aldaketak publikoaren bistara egiten ditugu. Uste dut antzerki arloan egin dudan lanik konplexuena dela, kontzentrazio handia eskatzen du", kontatu du Borobiak.

Argiztapenak eta musikak pisu handia dute, baina eszenografia "minimalista" du; eskegitako lanpara bat eta sei aulki besterik ez. "Eider Ibarrondok eta Isabel Acostak diseinatu dute. Musika, berriz, Adrian Garcia de los Ojosek sortu du, gure sustraiekin lotutako doinuak dira. Ibon Agirrerekin batera soinu-atmosfera polita sortu dute, oso gureak diren soinuekin jolastuta", dio zuzendariak.

La Dramatica Erranteren 'Altsasu' lana Bergaran bihar eta Oñatin domekan

Debagoienean hiru saio

Bilboko Arriagan estreinatu zuten, eta harrezkero ia 20 emanaldi egin dituzte. Azaroan Amaia antzokian eskaini zuten eta asteburuan Bergaran eta Oñatin izango dira, hurrenez hurren. "Bihar Bergaran antzezteak sekulako ilusioa egiten dit, eta urduritasun puntu bat sortu ere bai, familia eta lagunak egongo direlako. Oñatin ez naiz antzezten sekula egon, eta gogoz nago. Jendea etortzera animatu nahiko nuke; lan polita egin dugu, nire ustez. Eskertzekoa da eskualdean hiru emanaldi izatea".

Sarrera ia guztiak agortuta daude, baina eskuragarri daude gutxi batzuk: Bergarakoak, zortzi eurotan, Seminarixoa.eus-en; eta Oñati.eus-en, hamar eurotan, domekarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak