Aitortu behar dizut Espedizioa-ren azala ikuskatzen nenbilela konturatu naizela, bat-batean, tituluak berak ere keinua egiten diola Unai Elorriagak idatzitako SPrako tranbia (2001) liburuari.
Gauza bera gertatu zitzaion Kulturaten batu ginen lagunetako bati, momentu hartan konturatu zen detaile horrekin. Bada keinu bat SPrako tranbia liburuari, bai. Modu batean ala bestean, literaturzale diren alpinista asko sartzen ditut liburuan.
Zer moduzko saioa izan zen Arrasatekoa?
Bada, oso gustura egon ginen. Liburuaren gainean egin genuen berba, espedizioko anekdotak kontatu nizkien... Aitortu zidaten mendiko literaturara gerturatzen ziren lehenengo aldia zela, uste zutelako halakoak kronika hutsez osatutako liburuak izaten zirela, normalean. Eta iruditu zitzaiela Espedizioa hori baino gehiago zela, modu poetikoagoan idatzita dagoelako; akaso, estilo literarioagoa daukalako... Ezustea izan zela eurendako. Norbaitek esan zuen liburuak nobelatik ere baduela, pentsa.
Shisha Pangma (8.013 metro) da liburuaren ardatza.
Bai. Gure bidaia abiatu aurretik komentatu nion Unai Elorriagari SPrako tranbia espediziora eramateko asmoa neukala. Laguna dut, eta esan zidan ea zoratuta nengoen, ez eramateko alferrikako pisurik mendi tontorrera. Gainera, gailurrera iritsi ginenean gauza izan nintzen liburua motxilatik atera eta azken kapitulua bertan irakurtzeko.
Eguraldi ona egingo zuen...
Haize gutxiko eguna zen, baina sekulako hotza egiten zuen. Matrailak segituan izoztu zitzaizkidan eta ezin nuen ondo ahoskatu. Espedizioko lagunak grabatu egin zuen momentu hura, eta, bueno, bideoa txukun samar geratu zen. Handik bueltan, Unairi bideoa erakutsi nionean hunkitu egin zen. Eta hain zuzen, nire liburuaren azken kapituluan keinu bat egiten diot SPrako tranbia-ri; besteak beste, txokolatea jan nahiko nuke orain, diot Shisha Pangmako tontorrean. Hain zuzen, SPrako tranbia-ko Lucasen omenez.
Zer gertatu zen gailurrera eraman zenuen liburu harekin?
Galdu egin nuen! Ez dakit Shisha Pangmako tontorrean utzi nuen, bidean erori zitzaidan... Kontua da ez zela etxera itzuli. Eta Espedizioa liburuaren amaieran ere aipatzen dut hori. Bueno, akaso, larregi nabil aurreratzen; kar, kar, kar...
Liburuak bidelagun onak izango dira mendiko espedizioetan...
Niretako ezinbestekoak dira, benetan. Beti joaten naiz bizpahiru libururekin. Azken batean, kanpamentu nagusietan denbora luzea egiten dugu, bereziki, eguraldiak laguntzen ez badu, eta ez da komeni luzaroan buruari bueltak ematen ibiltzea. Esaterako, ez dut gogoan Juan Vallejok edo Alberto Iñurrategik esan zidan, baina uste dut Broad Peak-era joan zirenean nire liburua eraman zutela. Eta sekulako ilusioa egin zidan.
Baduzu beste proiekturik buruan? Bost zortzimilako dituzu eginak.
Egia da pandemiak dezente eragin gaituela denoi; batera eta bestera ibiltzeko askatasuna galdu dugu, baina badirudi egoera hoberantz doala. Egia da mendiarekin hartu-emana ez dudala galdu, aurreko asteburuan ere eskiatzen egon naiz, baina ez, denbora tarte honetan ez dugu aparteko proiekturik izan. Ea aurten zerbait egin dezakegun; oso zailak ez diren zortzimilakoekin jarraitu nahiko nuke.
Horrekin batera, espedizioen berri ere ematen duzu. Besteak beste, Alex Txikon dago orain momentuan Manaslura igo nahian.
Bai, himalaismoa oso gertu jarraitzen saiatzen naiz, adi egoten naiz alpinisten erronkei. Ze proiektu berri dauden, ze bide berri saiatzen dabiltzan... Alex Txikonek Manaslura joateko proposamena egin zidan, baina ni hozbera naiz, eta han neguan oso-oso tenperatura baxuak izaten dira. Ohiko espedizioetan nahikoa sufritzen dut tenperatura hotzekin; orain joanez gero... Ez daukat horretarako gaitasunik. Baina bai, astean behin edo Whatsappez egoten naiz Txikonekin, eta hango kontuak kontatzen dizkit. Lehenengo kanpamentuan daude ostera ere, eta irudi batzuetan erakutsi dute dena estalita dagoela; badirudi eguraldi txarra izango dutela datozen egunotan. Aurrekoan aipatu zidan denbora luzea zeukatela aurretik, baina otsailean egin beharko dute saiakera; izan ere, uste dut martxoan baimenak agortzen zaizkiela. Horrekin batera, Cho Oyun neguan egingo duten saiakera jarraituko dut, Nanga Parbaten Hervek [Barmasse] eta Davidek [Gottler] atzera zelan egin duten jarraitu dut... Handik iristen diren albisteek nire atentzioa izaten dute, bai.